Gizartea
MIGRAZIOA
Aita Mari Mediterraneora abiatu da Pasaiako portua atzean utzita
EITB MEDIA
Hamahirugarren misioa izango du. Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak azpimarratu duenez, "erabakigarria da" nazioarteko komunitateak "behartutako migrazioaren funtsezko kausei heltzea".
Aita Mari ontzia goizean abiatu da Pasaiako portutik Mediterraneo erdialderantz, azken asteak Euskal Herrian igaro ostean. Italiako Siracusa portua izango du helmuga eta, ohi bezala, bidean noraezean dauden migratzaileak erreskatzea izango du helburu. Bidaia honekin, salbamendu-ontziaren hamahirugarren misioa hasi da.
Erreskate ontzi bihurtutako atunontzia 09:20 aldera atera da portutik, eta Nekane Urra Aita Mariko ordezkariak abiatu aurretik EiTBri azaldu dionez, uztaila izaki beste misio batzuetan baino migratzaile gehiago aurkitzea espero dute. Ildo horretan, jakin badakite, azken egunetan beste erreskate ontzi batzuek adin txikiko eta emakume asko erreskatatu dituztela Mediterraneoan.
13. misioko tripulazioa itsasoko zortzi profesionalek eta sei boluntariok (bi osasun langile, fotokazetari bat eta hiru sokorrista) osatuko dute.
"Bi hilabetez euskal uretan barrena ibili ondoren, proiektua eta migratzaileak zein errefuxiatuak Mediterraneoan topatzen duten errealitate gogorra herritar guztiei ezagutzera emanez, jasotako harrera eta gure herriak erakutsi digun babesa eta elkartasuna eskertzen ditugu", nabarmendu du Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar batean.
Gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu duenez, "erabakigarria da" nazioarteko komunitateak, estatuak, gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte zibila barne, "behartutako migrazioaren funtsezko kausei heltzea eta erantzun egokiak ematea".
Ildo horretan, Mediterraneoan laguntza humanitarioa ematen jarraituko dutela ziurtatu dute, aldaketarik ez dagoen bitartean, "krisi honi eman beharreko erantzuna ezin baita axolagabekeria izan".
"Bestelako etorkizun bat nahi badugu, non pertsona guztiek duintasunez eta segurtasunez bizitzeko aukera izango duten, premiaz eta konpromisoz jokatu behar dugu egungo migrazio-krisiaren aurrean", gehitu du Itsas Salbamendu Humanitarioko erakundeak.