Itxi

Gizartea

SEXU-ERASOAK

Emakundek eta Eudelek jaietan sexu-erasoak saihesteko jardunbide egokiak partekatu dituzte udalekin

Agentziak | EITB Media

Jaiguneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko konpromisoa hartu dute. Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela nabarmendu dute.

  • Nungia. Artxiboko argazkia: Victor Uriarte

    Nungia. Artxiboko argazkia: Victor Uriarte

Udan izango ditugun jaiguneetan sexu-erasoak saihesteko eta jardunbide egokiak partekatzeko bilera izan dute ostegun honetan Emakundek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak. Hori dela eta, Euskal Autonomian Erkidegoko (EAE) zenbait udaletako alkate eta zinegotziekin bildu dira.

Topaketa aurrez aurre eta sarean egin da, eta 53 udalerrik hartu dute parte: Arabako 9k, Bizkaiko 32k eta Gipuzkoako 12k. Helburua informazioa eta aholkularitza eskaintzea izan da, eta, horrez gain, 'Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida' moduko materiala badagoela gogoraraztea.

Aldi berean, Mungiako eta Azpeitiko udaletako eta Arabako Lautadako Eskualdeko prebentzio ekintzei buruzko jardunbide egoki bana partekatu dira. Mungiako esperientziari dagokionez, Euskadi mailan lehenetariko udala izan zen jaietan sexu-erasoen prebentziorako protokoloak lantzen, eta urte hauetako ibilbideaz aritu dira.

Azpetiaren kasuan, herriko eragile ezberdinekin eta batez ere emakumeekin eta neska gazteekin burutu dituzten prozesu parte hartzaileak nabarmendu dituzte, eta Arabako Lautadari dagokionez, udal ezberdinen arteko koordinazioa nola landu duten azaldu dute.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak udalak zoriondu ditu jaietako erasoen prebentzioan gero eta inplikazio handiagoa dutelako, eta azaldu du topaketa udalek urte osoan egiten duten lanaren ondorioa dela.

Bere hitzetan, "gaur beste behin ere jaiguneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko konpromisoa agertzen dugu. Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti kontuan izatea nahi dugu".

Bestalde, Nati Lopez de Munain Eudeleko ordezkari eta Burgeluko alkateak gogorarazi duenez, "EAEko udalek konpromiso sendoa dugu jaiak berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gune bihurtzeko. Gure lana da erne egotea eta sexu erasoen aurrean edo indarkeria sexualaren edozein adierazpenen aurrean 'zero tolerantzia' jarrera agertzea, hainbat eragileren lankidetza oinarri hartuta".

Urtero bezala, Emakundek material ugari bidali du udaletara, erasoen aurkako irudi bateratua emateko eta sentsibilizazio ekintzak errazteko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudelen babesarekin sustatzen duen 'Beldur Barik' programaren esparruan.

Horrela, 'Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida', 'Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak gazteentzako informazio liburuxka, erasorik gabeko jaien aldeko kartel bat eta sareetan erabiltzeko iragarki bat jaso dituzte udalek.

Horrekin guztiarekin batera, Emakundek kanpaina bat jarri du martxan uztailean eta abuztuan zehar EITBko irratietan sexu-erasoen prebentzioa sustatzeko.