Gizartea
INKESTA
EAEko hamar herritarretik zazpik espero dute Jaurlaritza berriak politikak "asko edo dezente" aldatzea
EITB MEDIA
Deustobarometroaren azken inkestaren arabera, osasun-arreta eta bizitzaren kostua dira euskal herritarren kezka nagusiak. Nabarmentzekoa da Osakidetzaren batez besteko balorazioa 10etik 4,4 puntukoa dela, azken hamarkadako baxuena.
-
Gente paseando por Bilbao. Foto de archivo: EFE
EAEko herritarren % 72,4k uste dute Eusko Jaurlaritza berriak "asko edo dezente" aldatuko dituela azken urteetako politikak, azken DeustoBarometroak adierazi duenez; izan ere, lehen aldiz osasun-arreta da arazo garrantzitsuena, inkestatuen % 48k kezka nagusien artean aipatzen baitute. Osakidetzaren batez besteko balorazioa 10etik 4,4 puntukoa da, azken hamarkadako baxuena.
Dena dela, lehen postu horren maila berean agertzen dira prezioen igoera eta bizitzaren kostua, biztanleriaren % 48k ere aipatzen baititu beren kezken artean; inkestatuen % 26k diote erosteari utzi edo mugatu egin dutela beren ohiko dietako elikagai batzuren erosketa.
Horiek dira Deustuko Unibertsitatearen ikerlanaren udaleko alearen ondorioetako batzuk. Guztira mila inkesta egin dituzte online, eta azterlanaren ondorioak asteazken honetan aurkeztu dituzte Maria Silvestre eta Braulio Gomez proiektuaren zuzendariek, eta Iratxe Aristegi ikertzaileak.
Segurtasunarekiko kezka hirugarren posturaino igo da (% 24k aipatzen du) eta herritarren % 38k uste du polizia eredu berri bat beharrezkoa dela, nahiz eta % 45 egun dagoenarekin konforme egon.
Gobernu berriari begira, aldatu beharreko premiazko politikak liratezke, alde batetik, Osakidetzaren hobekuntza (% 61,8) eta, bestetik, etxebizitzarako sarbidea hobetzera bideratutako (% 35,2) politikak.
Inkestatuen % 68,2k lanaldi-murriztuaren alde egin du, bestalde, eta herritarren % 65,5ek baino gehiagok uste dute etxebizitza-merkatuan esku-hartze bat egon beharko litzatekeela, alokairuei mugak ezarriz.