Gizartea
Hondartzak
Zarauzko hondartza, 2024ko Estatuko onena
Agentziak | EITB Media
'Condé Nast Traveler' aldizkariak egindako lehiaketan irten da garaile. Irakurleek Lanzaroteko Famarako hondartzaren eta Formenterako Cala Saonaren aurretik jarri dute.
-
Zarauzko hondartza. Argazkia: Maria Jesus Echeverria
Condé Nast Traveler aldizkariko irakurleek Zarauzko hondartza izendatu dute 2024ko Estatuko hondartzarik onena. Lanzaroteko Famara eta Formenterako Cala Saona bezalako hareatza paradisiakoen aurretik aukeratu dute, gainera. Bi hauek bigarren eta hirugarren postuan geratu dira.
Argitalpenaren aburuz "surflariek maite dituzten hondartzen artean ama" da Zarauzkoa. Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko zabalena dela zehazten du, 2.500 metroko luzerarekin, eta bertako "olatuek mundu osoko surflariak erakartzen" dituztela aipatzen du.
Horrez gainera, herriko "itsas pasealeku xarmagarria, giro alaia, toldo deigarriak, ingurune naturala, hondar fina eta eskaintza gastronomikoa" ere miresten ditu, eta horrek guztiak Zarautz "gustuko udako opor-leku" bihurtzen duela dio.
Estatuko hamar hondartza onenen zerrendan honeko hauek ere agertzen dira: Famara (Lanzarote), Cala Saona (Formentera), Valdevaqueros (Cadiz), Las Catedrales (Lugo), Los Locos (Kantabria), Calblanque (Murtzia), Playa de Poo (Asturias), Playa Norte (Valentziako erkidegoa) eta Cala Fonda (Katalunia).
Lehiaketak hainbat fase izan ditu. Lehenengoan, aldizkariko lantaldeak autonomia-erkidego bakoitzeko lau hondartza aukeratu zituen hautagai gisa, eta horietako onena aukeratu zuten irakurleek. Ondoren, Estatuko onena aukeratu dute.