Gizartea
Euskal presoak
Sare etorkizunari "indarrez, ilusioz eta determinazioz heltzeko gogotsu" azaldu da 10. urteurrenean
EITB MEDIA
Donostiako Zuloaga plazan ospatu du plataformak bere 10. urteurrena. Orduko helburuen artean, urruntze-politikarekin amaitzea lortu izanagatik, pozik; ortzi-mugan, ordea, salbuespen-politikak ezabatzea, nagusiena.
-
Sare plataformaren 10. urteurrena. Argazkia: Sare
Sarek bere 10. urteurrena ospatu du Donostiako Zuloaga plazan egindako ekitaldi batekin. Horretan, datorrenari "indarrez, ilusioz eta determinazioz heltzeko gogotsu" direla azaldu du. Sorreran planteatutako helburuen artean, urruntze-politikarekin amaitzea lortu izana azpimarratu du; etorkizunean, aldiz, salbuespen-politikak ezabatzea helburu jarri dute.
Sare plataformak hamargarren urteurrena du eta egindako ibilbideari errepasoa egiteko parada egin dute kideek.
Lorpenen artean, presoen sakabanaketa sistematikoa atzean utzi izana azpimarratu dute. Etorkizunerako, ordea, oraindik zeregin asko dituztela aipatu dute. Horien artean, salbuespen-politikekin amaitzea.
Bide horretan, agintariei, epaileei eta gizarteari salbuespen-egoeraren amaierako ahalegina egin dezaten eskatu diete.
Era berean, espetxeen arloko euskal administrazioari zuzendu dira "euskal preso guztiak etxera itzuli eta haien eskubideak errespetatzeko" eskatuz.
Horrekin batera, nahiz eta "beste garai bateko legeak" direla adierazi, etapa ezberdin bat bizi dugula azaldu du Sarek. Hala ere, "oztopoak egon badaudela diote, bai politikan eta baita justizian ere".