Itxi

Gizartea

Eliza Katolikoa

Burgosko artzapezpikuak Beloradoko hamar moja klaratar eskumikatu ditu

Agencias | EITB Media

Hala erantzun dio Mario Iceta artzapezpikuak Belorado (Burgos) eta Urduñako (Bizkaia) klaratarren komunitateko hamar mojek ostiralean bidalitako burofaxari. Burofaxean Eliza katolikoa "aho batez eta atzera bueltarik gabe" uzteko asmoa berretsi zioten Burgosko artzapezpikutzari.

  • Beloradoko Monastegia. EFE.

    Beloradoko Monastegia. EFE.

Behin betikoa da. Mario Iceta Burgosko artzapezpikuak Beloradoko monasterioko (Burgos) hamar klaratarren eskumikua deklaratu du dagoeneko, horiek Burofax bidez, ostiralean jakinarazi ostean, eliza katolikotik "beren borondatez banandu" izana. Burofax horretan azaltzen zuten, halaber, uko egiten ziotela Eliz Auzitegian agertzeari. 

Igande eguerdian komunikabideei bidalitako ohar batean, Burgosko Artzapezpikutzak azaldu du Iceta artzapezpikuak, Belorado, Urduña eta Derioko Monasterioetako Komisario Pontifizio eta legezko ordezkariak, zisma egin duten hamar ahizpetako bakoitzaren eskumikua eta bizitza kontsakratutik berehalako dimisioa (kanporatzea) deklaratzeko dekretuak jakinarazi dituela. 

Eliza katolikoa uzteko "erabaki aske eta pertsonala" erakutsi duten hamar emakumeak eskumikatu dira, beraz, zeintzuek ostiral honetan uko egin baitzioten, Artzapezpikuari bidalitako nahiz sare-sozialetan argitaratutako ohar baten bidez, Eliz-Auzitegira joateari, ez dutelako haren autoritatea onartzen.

Artzapezpikutzak adierazi duenez, hamar horiek kanporatuak izan badira ere, "eskomunikatu ez diren ahizpek osatutako komunitate monastikoa martxan dela oraindik". Bost ahizpa adinekok eta, une honetan monasterioan ez dauden arren, kide diren beste hiru ahizpek osatzen dute komunitate hori. 

Era berean, Artzapezpikutzak azpimarratu du ahizpa nagusiak "lehentasun" direla beren kezketan, eta, beraz, Arantzazuko Andre Mariaren Klaratarren Federazioak ahizpa horiek Beloradoko monasterioan bertan lehenbailehen artatzeko modua aurreikusi du, Federazioko beste monasterio batzuetatik datozen ahizpa batzuk monasterioan bizitzeko lekualdatuz.