Gizartea
Saria
Andres Torres sukaldariak Basque Culinary World Prize 2024 saria jaso du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sukaldariburuak Global Humanitario GKEak "10 herrialdetan elikagaien segurtasunaren alde eta mundu mailako krisi-egoera ezberdinetan gastronomiaren bidez” egindako lanagatik jaso du saria.
-
Andres Torres sukaldaria. Irudia: Euskadi.eus
Andres Torres sukaldariak Basque Culinary World Prize 2024 saria jaso du, Global Humanitario GKEak egindako lanagatik. "Hamar herrialdetan elikagaien segurtasunaren eta haurren eskubideen alde lan egiten du, 200 eskola-jantoki baino gehiagorekin, eta gerra-eremuetan eta hondamendietan larrialdiko esku-hartzeak egiten ditu, elikagaiak, ura, higienea, osasuna, aterpea eta oinarrizko hezkuntza eskuratzeko".
Sariaren bederatzigarren edizioko epaimahaiak nabarmendu duenez, "sukaldaritza, jasangarritasuna, laguntza humanitarioa eta gerra-kazetaritza Andres Torresen figura multifazetikoan biltzen dira".
Horrez gain, epaimahaiak kontuan hartu du jasangarritasunean oinarritutako sukaldaritza egiten duen Torresen Casa Nova jatetxea, "gastronomiari beste begirada bat ematea posible dela erakusten duena".
Basque Culinary World Prize saria Eusko Jaurlaritzak eta Baque Culinary Centerrek (BCC) ematen dute, eta "jakintzaz, talentuaz, sormenaz eta indarraz baliatzen diren sukaldariak" bereizten ditu, "gure gizarteak eskatzen dituen aldaketekin bat egiteko". 100.000 euro jasoko ditu irabaleak, berak aukeratutako proiektura bideratzeko.
Torres "oso harro eta eskertuta" agertu da sariagatik. Gainera, 25 urte baino gehiago proiektu solidarioak egiten eman ondoren, epaimahaiak "gastronomiaren Nobela" eman izanak "indarrak batuz gauzak alda daitezkeela" berresten duela gaineratu du. "Sukaldaritzako ezagutzak eta elkartasuna bateratuz, pertsona askoren bizitzan eragin positiboa izan dezakegu", adierazi du.