Gizartea
Gipuzkoa
Eraso homofobo bat salatu dute Errezilgo jaietan
EITB MEDIA
Errezilgo Udalak zabaldutako informazioaren arabera, aurpegia estalita zeramaten hainbat nerabek Errezilgo bi gizonezko iraindu zituzten beren etxean bertan, eta ez da lehenengo aldia izan.
-
Errezil, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Eraso homofobo bat salatu dute Errezilgo sanantonioetako jaietan, Guka hedabideak jaso duenez. Erasoa ostiralean jazo zen, 22:30 aldera.
Errezilgo Udalak zabaldutako eta Gukak jasotako informazioaren arabera, hainbat nerabek Errezilgo bi gizonezko iraindu zituzten. Etxeko txirrina jotzeaz gain, atea behartu eta leihora harriak bota zizkieten. Dirudienez, ez da lehenengo aldia bikote diren bi gizonezko horiek irainak eta jazarpena jasaten dituztela.
Udalak dioenez, erasotzaileek "aurpegia estalita zuten, jarrera bortitza, eta inguruan beste hainbat barrez aritu ziren".
Luis Maria Arzalluz Errezilgo alkateak azaldu duenez, biktimetako batek erasotzaileei aurre egitean, "maricón" eta "español de mierda" bezalako irainak botatzen hasi ziren.
"Ez dakigu nortzuk ziren, baina bazekiten nora zihoazen, bazekiten non bizi ziren eta haien bila joan dira", nabarmendu du. Dirudienez, bikoteak ez du salaketarik aurkeztu.
Udal arduradunek gertatutakoaren berri izatean, erasoa jasan zuen bikotearekin harremanetan jarri zen, elkartasuna adierazteko eta Udalaren laguntza eskaintzeko.
Udalak gertaera gaitzesteko agiria idatzi zuen, eta horren berri eman zien jaiengatik herriko plazan bildutako pertsonei, hurrengo egunean, musika-taldearen agertokitik.
"Jendea harrituta agertu zen eta zerbait egin behar zela esan zuen", adierazi du alkateak, eta eraso matxista eta homofoboen aurkako protokoloarekin lotutako lantaldea astelehen honetan bertan bilduko dela iragarri du.
Jai batzordeak eta protokolo lantaldeak ere gertatutakoa salatu dute, eta erasotuei babesa eta elkartasuna adierazi diete. "Erasoa jasan duen bikoteari etxean lasai eta seguru egoteko eskubidea urratu zaio, haien segurtasun eta lasaitasunaren aurkako jazarpena jasan baitute. Larria da gertaturikoa, eta gure herrian ez dugu inolako eraso homofobo, matxista edota baztertzailerik onartuko", azpimarratu dute.
Bestalde, Urola Erdiko Itaiak ere gertatutakoa gaitzetsi du, "LGTB kolektiboak egunerokoan bizi duen biolentziaren beste adibide bat" dela salatuz.
Eraso homofobo orori aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu, eta horretarako antolakuntzaren garrantzian berresten gara.
— Urola Erdiko Itaia (@Itaia_urolaerdi) June 16, 2024
Eraso homofobo orori aurre egin! pic.twitter.com/3JP10nctCt