Gizartea
Araba Euskaraz 2024
Milaka pertsonak indarrak batu dituzte euskararen alde Gasteizen, Araba Euskaraz jaian
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburuak hezkuntzak dituen erronkak nabarmendu ditu bertan: euskararen erabilera sustatzea, berrikuntza digitala eta kudeaketaren hobekuntza.
-
Araba Euskaraz, Gasteizko Olarizuko zelaietan. Argazkia: EITB MEDIA
Milaka pertsona giro paregabean murgildu dira Gasteizko Olarizuko zelaietan, igande honetan Araba Euskaraz ospatzeko. Eguraldia lagun, Arabako Ikastolen jaiaz gozatu dute euskaltzaleek.
10:00etan ekin diote festari, programa eta egitarau zabala abiatuz. Irekiera ekitaldian, IKA euskaltegiak omendu dituzte, 1983tik Arabako Errioxan helduak euskalduntzen egindako lana eskertzeko.
Unai Mendizabal Araba Euskaraz Kultur Elkarteko presidenteak ikastola guztiek euskara biziberritzeko egindako lana nabarmendu du: "Arabako Errioxan, euskaldunak % 4 izatetik euskara hitz egiten edo ulertzen dutenak % 40 izatera igaro da".
Mendizabalen arabera, ikastolen lanari eta herritarren inplikazioari esker lortu da euskaldunen datua hobetzea. Ildo horretatik, hezkuntza, kultur, politika eta beste hainbat erakundetako eragileen arteko lankidetza nabarmendu du.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburuak hezkuntzak dituen erronkak nabarmendu ditu bertan: euskararen erabilera sustatzea, berrikuntza digitala eta kudeaketaren hobekuntza.
Ikasgeletan eta gizartean islatzen den aniztasuna "leku guztietara eramateko deia" egin du Bildarratzek. Horrez gain, aurreko legealdian Hezkuntzari buruzko Euskal Legea onartu zenean jasotako babesa eskertu du bere hitzaldian.
Bestalde, Ramiro Gonzalezek esan du hizkuntza batek "muga guztiak" gainditu ditzakeela eta, horretarako, "borondatea eta gogoa" baino ez direla behar, "euskaraz bizitzea posible baita".
Arabako ikastolen urteroko festan parte hartu duten askok Araba Euskarazeko antolatzaileen jarraibideak bete dituzte eta oinez edo bizikletaz joan dira Olarizuko zelaietara.
Aurtengo Araba Euskaraz jaiaren leloa 'Mugaezin' da; izan ere, antolatzaileen arabera, ikastolek euskara ordezkatzen dute, hizkuntzarentzat "mugarik gabeko espazio zabalagoak" irekiz.
Zortzi ikastola buru-belarri ibili dira urte osoa Araba Euskaraz antolatzen, auzolanean, eta aurtengo edizioan biltzen den dirua Oiongo (Arabako Errioxa) San Bizente ikastolara bideratu da.
Oraingo honetan, adin guztiei baina batez ere haur, nerabe eta gazteei zuzendutako hainbat ikuskizun, tailer eta jolas antolatu dituzte hiru gunetan:
Lautada: Armentia ikastolaren eskutik, Arte Eszenikoak izan dira. "Go!azen"en karaokea ere bertan egon da. Arabako ikastoletako ikasleek "Mugaezin Txoua!" eskaini digute, eta Dantza Plaza eta Zunba ere izan ditugu bertan. Tailer eta jolasei dagokienez, bertan egon dira Berriaren txokoa, Argitxoren txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea.
Mendia: "Dantza mugaezin" euskal dantzen topaketa egin da bertan. Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, berriz, "Bertsotan" saioa izan dugu. Mirotz, Akerbeltz eta Araba Euskarazen aurtengo kanta konposatu duen Eh, Mertxe! taldeen kontzertua ere gune honetan izan dira. Tailer eta jolasen txokoak ere egon dira; Haurren basoa, eta Kaikuren Abestu, Dantzatu eta Sortu tailerra.
Erreka: Maria Arandiaren "Magia eta mirariak familian" ikuskizuna izan da bertan, eta Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandroren kontzertuak ere bai. Halaber, gune honetan egon dira Euskaltelen kukaina bizikletaz eta puzgarriak.
Egun osoan, gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko castellerrak ibili dira gune batetik bestera.
Olarizutik kanpo, Adurtza pilotalekuan, Arabako Herriarteko Euskal Pilota Txapelketako finalak jokatu dira.
Makusi gunean, haur, nerabe eta gazteei zuzendutako ekintza ugari prestatu dituzte. Argazkia: EITB MEDIA