Itxi

Gizartea

EGURALDIA

Uda giroa eta tenperaturen igoera nabarmena asteari hasiera emateko

EITB MEDIA

Aldaketa laster iritsiko da, asteartean giro nahasiagoa eta ezegonkortasuna areagotzea espero baita. Tenperaturek behera egingo dute.

  • Giro eguzkitsua Laudion. Argazkia: Iñaki Arteta

    Giro eguzkitsua Laudion. Argazkia: Iñaki Arteta

Zerua oskarbi eta udako giroarekin hasiko da astea. Tenperaturak gora egingo du astelehenean, eta 30 ºC-ra iris daiteke barnealdeko zenbait tokitan, eta 26-28 ºC-ra kostaldean, EITB Mediaren meteorologia zerbitzuak azaldu duenez.

Egun eguzkitsu honetan, 33 ºC-ko maximoak espero dira Iruñean, 30 ºC-koak Gasteizen, 28 ºC-koak Bilbon eta 27 ºC-koak Donostian. Gainera, termometroak 36 ºC-ra irits litezke barnealdeko zenbait tokitan, Tuteran esaterako.

Bero handia egingo du, beraz, eta giro eguzkitsua nagusituko da, erdi-mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Arratsaldean, haizea ipar-ekialdetik finkatuko da.

Asteartean, aldiz, giro nahasiagoa eta ezegonkortasuna areagotzea espero da. Tenperaturek behera egingo dute, eta 23-25 ºC inguru espero dira gehienez kostaldean eta 28-30 ºC inguru barnealdean. Ildo horretatik, hodeiak ugarituz joango dira, batez ere arratsaldean, eta zerua ia estalita gera daiteke. Goizean, hego-haizea nagusituko da, eta eguerditik aurrera, berriz, ipar-mendebaldetik finkatuko da.

Gauzak horrela, giro ezegonkorra nagusituko da aste osoan, eta asteartean zaparradak eta ekaitzak izan litezke gure lurraldeko zenbait tokitan, bereziki arratsaldean.