Itxi

Gizartea

Araba Euskaraz 2024

Guztia prest Gasteizen Araba Euskaraz ospatzeko

EITB MEDIA

Igande honetan, 10:00etan, hasiko dira Arabako ikastolen aldeko jaia dela eta antolatutako ekitaldiak Olarizuko zelaietan. Aurten, Oiongo San Bizente ikastolarentzat izango da bildutako dirua. EITB ere Gasteizen izango da, Makusiren proiekzioekin eta "Go!azen"en karaokearekin, besteak beste.

  • Arabako ikastoletako ordezkariak, festaren aurkezpen egunean. Argazkia: Araba Euskaraz

    Arabako ikastoletako ordezkariak, festaren aurkezpen egunean. Argazkia: Araba Euskaraz

Guztia prest da Gasteizko Olarizuko zelaietan igande honetan Araba Euskaraz ospatzeko. 10:00etan ekingo diote festari, programa eta egitarau zabala abiatuz. Irekiera ekitaldian, IKA euskaltegiak omenduko dituzte, 1983tik Arabako Errioxan helduak euskalduntzen egindako lana eskertzeko.

Giro eguzkitsua eta beroa espero da (27 ºC-ko maximoak izango dira Gasteizen), eta, aurreikuspenak betez gero, milaka lagun bertaratuko dira Arabako Ikastolen jaiaz gozatzeko.

Zortzi ikastola buru-belarri ibili dira urte osoa Araba Euskaraz antolatzen, auzolanean, eta aurtengo edizioan biltzen den dirua Oiongo (Arabako Errioxa) San Bizente ikastolara bideratuko da.

Oraingo honetan, adin guztiei baina batez ere haur, nerabe eta gazteei zuzendutako hainbat ikuskizun, tailer eta jolas antolatu dituzte hiru gunetan:

Lautada: Armentia ikastolaren eskutik, Arte Eszenikoak izango dira. "Go!azen"en karaokea ere bertan egongo da. Arabako ikastoletako ikasleek "Mugaezin Txoua!" eskainiko digute, eta Dantza Plaza eta Zunba ere izango ditugu gune honetan. Tailer eta jolasei dagokienez, bertan egongo dira Berriaren txokoa, Argitxoren txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea.

Mendia: "Dantza mugaezin" euskal dantzen topaketa egingo da bertan. Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, berriz, "Bertsotan" saioa izango dugu. Mirotz, Akerbeltz eta Araba Euskarazen aurtengo kanta konposatu duen Eh, Mertxe! taldeen kontzertua ere gune honetan izango dira. Tailer eta jolasen txokoak ere egongo dira; Haurren basoa, eta Kaikuren Abestu, Dantzatu eta Sortu tailerra.

Erreka: Maria Arandiaren "Magia eta mirariak familian" ikuskizuna izango da bertan, eta Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandroren kontzertuak ere bai. Halaber, gune honetan egongo dira Euskaltelen kukaina bizikletaz eta puzgarriak.

Egun osoan, gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko castellerrak ibiliko dira gune batetik bestera.

Olarizutik kanpo, Adurtza pilotalekuan, Arabako Herriarteko Euskal Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira. 

Gomendioak

Ohi bezala, Araba Euskarazetik hainbat aholku eman dituzte egun "gogoangarria, zoriontsua eta alaia izan dadin, eta, aldi berean, Arabako ikastolen jaia gurekin ospatzera datozen guztientzat ahalik eta erosoena izan dadin", baita jaia ahalik eta modu jasangarrienean garatzeko ere:

- Gasteizera etortzeko, garraio publikoa erabili. Autobusentzako geltokia Olarizuko etorbidean egongo da.

- Autoetan doazenek Ansoleta eta Uritiasolo industrialdeetan izango dute parkinga.

- Gasteiztik bertatik datozenei, oinez edo bizikletaz etortzeko eskatzen zaie. Lehenengo sarreran, bizikletak uzteko aparkalekua egongo da. Autobusez etortzeko, berriz, BEI eta 2. eta 10. lineako autobusak har daitezke.

Azkenik, antolatzaileek gomendatu dute edalontziak etxetik eramateko, edo, txosnetakoak erabiliz gero, erabili ondoren txosnetan bertan edo horretarako egokitutako guneetan uzteko.