Gizartea
Galdakaoko Udala
Beste epai batek atzera bota du Galdakaoko Udaleko lan eta gizarte teknikari lanposturako euskara eskakizuna
EITB MEDIA
LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak "euskal administrazioa euskalduntzearen aurkako eraso berri hau" salatu, eta epaiaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte.
-
Galdakaoko udaletxea
Euskararen kontrako enegarren epaia iritsi da gaur. Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak atzera bota du Galdakaoko Udalean lan eta gizarte teknikari lanposturako orain arte eskatzen zuten euskararen hirugarren hizkuntza eskakizuna. Horren aurrean, "euskal administrazioa euskalduntzearen aurkako oldarraldia" salatu du LAB sindikatuak.
"Azkenaldian bizitzen ari garen eraso judizialaren erakusgarri da epai hau", LABen hitzetan. "Orain arte legearen interpretazioa aurrerakoia eta aldekoa bazen ere, azken urteetan 180 graduko aldaketa izan du, eta zorrotz ari dira jokatzen euskararen kontra", adierazi du.
Sindikatuaren esanetan, epaiak ez du herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzen, ezta langileek euskaraz jarduteko duten eskubidea ere. "Lanpostu horrek exijitzen du herritarrekin hartu-emanetan egotea, eta, horrenbestez, epaiak eragotzi egiten du horien arteko euskarazko jarduna", erantsi du.
"Epai judizial horien aurrean helburu argi bat dago: administrazioaren euskalduntzea etetea eta atzeratzea", esan du sindikatuak.
Horregatik, LABek bat egin du epaiaren aurka deitutako mobilizazioekin. Zehazki, udal langileak ekainaren 19an bilduko dira Galdakaoko udaletxearen aurrean. Hurrengo egunean, bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagabiz elkarteak deituta, protesta egingo dute Ardantza parkean, 19:30etik aurrera.
Horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak ere "euskararen aurkako eraso hau" salatu du. "Atzera, epaitegiek jomugan dute udalek beren langileei euskara maila jakin bat eskatzeko duten eskumena. Hori dela eta, hizkuntza politiketan dagoen esku-hartze judiziala salatu nahi dugu", kritikatu du.
Helegitea
Iñigo Hernando (EH Bildu) Galdakaoko alkateak esan du helegitea jarriko dutela ebazpenaren kontra, eta hori prestatzen ari direla Udaleko zerbitzu jurdikoak. Horren hitzetan, epaia "hizkuntza eskubideetan atzerapausoa" da.
Datorren astelehenean gaia gainerako udal taldeekin aztertuko dutela iragarri du alkateak. "Hizkuntza eskubideetan atzera egitea ezin dugu onartu", erantsi du.