Itxi

Gizartea

Bizkaiko Auzitegia

21 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati Atxurin bikotekide ohia hiltzen ahalegintzeagatik

Agentziak | EiTB Media

Halaber, 600.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari eragindako "erredura larriengatik".

  • Bizkaiko Auzitegia, artxiboko irudi batean

    Bizkaiko Auzitegia, artxiboko irudi batean. EiTB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

Bizkaiko Auzitegiak 21 urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati Atxurin bikotekide zuen emakumea hiltzen saiatzeagatik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gaur zabaldutako epaiaren arabera. Halaber, 600.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari eragindako "erredura larriengatik" eta ondorio fisiko eta psikikoengatik.

Epaimahaiak frogatutzat jo du gizona bikotekidea hiltzen ahalegindu zela "Ertzaintzaren edo epaitegiaren aurrean ez zuela salatuko ziurtatzeko". Horren arabera, erasotzailea eta biktima inplikatuta zeuden beste auzi bat tarteko bikotekide ohiak salatu egingo zuela sinistuta zegoen. 

Hilketa saiakera 2022ko apirilaren 30ean gertatu zen Bilboko Atxuri auzoko lonja batean. Epaian jasotzen denez, erraz su hartzen duen sustantzia bat bota zion gizonak emakumeari "erredura larriak eraginez, bereziki, aurpegian".

Gainera, kalte material handiak eragin zituen bikotea bizi zen lonja horretan ez ezik, eraikinean eta inguruko etxebizitzetan.

Hala ere, epaimahaiak ez du genero astungarria aplikatzeko arrazoirik ikusi. Ildo horretan, frogatutzat jo du gizonak ez ziola eraso egin emakume izateagatik beste delitu batengatik salatu zezakeelako baizik. Beraz, epaimahaiaren arabera, genero astungarriaren tesiak sendotasuna galtzen du. Aitzitik, aintzat hartu ditu ahaidetasun astungarria eta akusatuaren alterazio psikikoa.

21 urteko kartzela zigorra beteta, 5 urtez zaintzapean egongo da. Gainera, erasotzailea ezingo da biktimarengana gerturatu (500 metroko distantzia gorde beharko du, gutxienez), ezta berarekin komunikatu ere.

Epaia ez da irmoa eta aldeek helegitea jar diezaiokete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.