Itxi

Gizartea

AKORDIOA

Gasteiz Antzokiaren inguruan akordioa adostu dute Lazarraga elkarteak eta Gasteizko Udalak

EITB MEDIA

Lazarragako bazkideek gaur arratsaldean eginiko Batzar Orokorrean aho batez onartu dute Udalaren azken proposamena, "lor zitekeen akordiorik onena" dela iritzita.

  • Gasteiz Antzokiko obrak. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

    Gasteiz Antzokiko obrak. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Konponbidean da jada Gasteiz Antzokiaren inguruko gatazka. Duela urtebete zabaldu behar zituen ateak Gasteiz Antzokiak baina itxita jarraitzen du, bere bultzatzaileak, Udala eta Lazarraga elkartea blokeo egoeran zeudelako 112.000 eurorengatik. Hainbat bilera izan dira azken egunetan bi aldeen artean, eta, gaur arratsaldena Lazarragako bazkideek bilera egin dute Udalaren azken proposamena onartu ala ez erabakitzeko. Baiezkoa atera da, aho batez, eta horri esker, gertuago dago irekiera.

Batetik, kultur elkarteak zatika ordainduko du zorra; eta, bestetik, hitzarmenean hainbat egokitzapen egingo dituzte "2023ko diru kontuetan gertatutako arazoak berriz ere gertatu ez daitezen", adierazi dute Lazarragako kideek, Gasteizko Aleak jasotzen duenez. Gertatuaren erantzukizuna udalari egozten dioten arren, "lor zitekeen akordiorik onena" dela uste dute bazkideek eta horregatik eman dute baiezkoa.

Adostutakoak hurrengo egunetan sinatuko duten hitzarmenean jasoko dituzte. Eta, besteak beste, horrekin batera, ostalaritza zerbitzuko lehiaketa aurkeztuko dute, egitasmoaren webgunea martxan jarri, sormen deialdi eta lehiaketak antolatzen hasiko dira, ikus-entzunezko lehiaketa prozedura itxiko dute, eta programazioa modu mailakatuan hasiko dute, ekitaldi txikiekin lehendabizi, eta irailetik aurrera jarduera osoarekin abiatzeko.