Gizartea
EPAIKETA
Baserri baten aurka tiro egin zuen Amurrioko polizia ohia epaituko dute gaur Arabako Auzitegian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Fiskaltzak zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du harentzat, gerrako armak gordetzeagatik. 2019an jazo zen dena, Errege Egunean.
-
9 milimetroko bala bat jaurti zuen Lezama auzoko baserri baten aurka. Argazkia: aiaraldea.eus
Duela bost urte baserri bateko leihoaren aurka tiro egin zuen Amurrioko polizia ohia epaituko dute gaur, asteartea, Arabako Auzitegian. Fiskaltzak zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du harentzat, gerrako armak gordetzea leporatuta. Izan ere, etxean 30 bat arma, jaurtigaiak eta hegazkin-bonba bat zituen.
2019an jazo zen dena, Errege Egunean. Egun hartan, akusatuak 9 milimetroko bala bat jaurti zuen Amurrioko Lezama auzoko baserri baten aurka. Baserri horren fatxadan kartel bat zegoen zintzilik, desagertutako ETAko presoak hurbiltzea eskatzeko.
79 urteko gizona tiroaren ustezko egile gisa identifikatu zuten, eta egun batzuk geroago atxilotu zuten. Gizonak mendian ezkutatu zuen erabilitako pistola, harri batzuen ondoan egindako zulo batean.
Une horretan, akusatuak ez zuen pistola hori erabiltzeko arma lizentziarik, 2018ko otsailean kendu baitzioten.
Ertzainek hogei artilleria-jaurtigai baino gehiago aurkitu zituzten susmagarriaren etxebizitza miatzean, hegazkin-bonba bat barne (jatorrizko kargarekin), eta hainbat munizio, nahiz eta ia guztiak "egoera kaskarrean" egon.
Horrez gain, 30 pistola, karabinak eta subfusilak ere aurkitu zituzten, gehienak egoera txarrean.
Fiskaltzak zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du harentzat, gerrako armak gordetzeagatik. Halaber, armak edukitzeko eta eramateko eskubideaz gabetzeko 10 urte eta erdiko zigor gehigarria eskatu du.