Gizartea
Memoria historikoa
Jaurlaritzak dokumentazio historikoa jasotzen duten 13.000 kutxa emango dizkio Artxibo Historikoari aurten
agentziak | eitb media
Lehenengo fasean emandako kutxetan Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako presoen eta Bizkaiko meatzarien barrutiko txostenak utzi dituzte.
-
Dokumentu historikoak Artxibo Historikoan uzteko ekitaldia, Bilbon. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Artxibotik Artxibo Historikora eraman ditu jada aurten entregatuko dizkion 13.000 kutxetako 5.700.
Dokumentazioa eskualdatzeko ekitaldian, Artxibo Historikoak Bilbon duen egoitzan, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak "memoria babesteko, zaintzeko eta zabaltzeko" deia egin du, "memoriarik gabe ez garelako ezer, ez pertsonak ez herriak".
Urkullu Bigen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako eta Olatz Garamendi Autogobernu eta Gobernantza Publikoko jarduneko sailburuekin batera izan da dokumentazio historikoa jasotzen duten 13.000 kutxen eskualdatze ekitaldian.
Eskualdatzea bi fasetan egingo da, eta lehenengoan, gaur, 5.700 kutxa utzi dituzte Artxibo Historikoan. Urtea amaitu baino lehen eramango dituzte gainerako 8.000 kutxak.
Gaurko kutxetan 50 urte baino gehiago dituzten txostenak daude (historikoa izateko bost hamarkada baino gehiago izan behar ditu), Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletako presoenak eta Bizkaiko meatzarien barrutikoak.
Era berean, Miguel Unamuno Institutuko (Bilbo) eta Oñatiko (Gipuzkoa) ikasleen txostenak ere badaude tartean, 1832tik eta 1820tik aurrerakoak, hurrenez hurren.
Basurtuko (Bilbo) ospitaleko eta bere aurreko osasun zentroetako (XVI. Mendetik aurrera), eta Bizkaiko portu txikietako dokumentuak ere eskualdatu dituzte, besteak beste.
Gaurdaino, Artxibo Historikoak 8.000 inguru kutxa zituen, Eusko Jaurlaritzaren 1936ko artxibokoak batzuk, baina gehienak familietako eta askotariko erakundeetako funts pribatuetakoak.
800.000 dokumenturen erreferentziak eta sei milioi irudi digital ere baditu.
Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Artxiboan, berriz, egungo Jaurlaritzaren 100 milioi dokumentu elektroniko eta milioi bat kutxa ddaude, eguneroko jarduerarekin lotuta.
XX. mendea baino lehenagoko agiriak ere bazeuden, eta dokumentu zaharrena 1506koa zen, baina Artxibo Historikoaren eskuetan geratuko da.