Gizartea
Ozeanoen Mundu Eguna
Asmoetatik ekintzetara pasatu, eta Ozeanoen Itun Globala sinatzeko deia egin die Greenpeacek estatuei
EITB Media
Erakunde ekologistak deitoratu du EBko estatu bakar batek ere ez duela oraindik sinatu ituna, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio pausoa eman dezala eta itsas eremu babestuetan kudeaketa plan eraginkorrak ezar ditzala, hitzez ez ezik ekintzez ere babestuta egon daitezen.
-
Greenpeacen agerraldia, gaur, Bilbon. EFE.
Greenpeacek munduko estatuei, oro har, eta Espainiako Gobenuari, bereziki, dei egin die "estatuko uretan eta nazioartekoetan itsasoa modu eraginkorrean babestera", eta Exekutiboaren "aurpegi bikoitza" deitoratu du, "bere burua ozeanoen defendatzailetzat erakusten duelako, Nazio Batuen Erakundearen Ozeanoen Itun Globala sinatu gabe daukan bitartean". Gainera, Espainiako Gobernuak Kantauri itsasoan, Mediterraneoan eta Ozeano Atlantikoan jada itsas eremu babestu diren eremuetan ezarri beharreko 96 kudeaketa plangintza blokeatuta dituela salatu dute.
Larunbatean Ozeanoen Mundu Eguna dela-eta, Bilbon, Artic Sunrise ontzian, hedabideen aurrean egindako agerraldian, Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroaren jokabidea salatu dute.
"Industria-ontziek botere handia dute, eta Arrantza Idazkaritza Nagusia txotxongilo bat balitz bezala darabilte. Ezin dugu onartu industriak ozeanoak arpilatzen eta haiek babesteko orduan oztopoak jartzen jarraitzea", adierazi du Marta Martín-Borregon Greenpeaceko Ozeanoetako arduradunak.
Greenpeaceren ustez, "beharrezkoa da 2030erako Espainiako uren % 30 babestea eta nazioarteko araudia betetzea". Espainian azken urteotan babestutako itsas eremua % 12tik % 20,9ra igo dela azaldu dute, 2023an 7 babesgune berri izendatu ostean. Babes hori, ordea, hitzezkoa baino ez da, "paperezko babesa".
"Ez da nahikoa ehunekoak betetzeko asmo soilez babestutako eremuak izendatzen jarraitzea, gero ingurune horietan ekosistemen eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatuko duten kudeaketa plan eraginkorrik ez badago", azaldu du Martín-Borregonek.
Horren hitzetan, Ozeanoen Itun Globalak itsaso zabaleko itsas-babesa eskaintzen du eta arrantza kudeatzeko eskualdeko organoaren eskumeneko jardueretan kontserbazio-neurriak aplikatzen direla bermatzen du.
Hori dela eta, gaineratu duenez, gobernuek urgentziaz jokatu behar dute Ituna indarrean sar dadin datozen hilabeteetan, 2025eko ekainean egingo den Nazio Batuen Ozeanoen Konferentziaren aurretik.
Orain arte sei herrialdek baino ez dute bat egin konpromiso honekin: Txile, Palau, Belize, Seychelles, Monako eta Mikronesia. Europan, berriz, bakar batek ere ez du bat egin itun horrekin, baina baliteke Frantziak hilabete barru berrestea eta Belgikan ere bide beretik doaz. Espainiako Gobernua ere pauso hori ematera eta ozeanoak babesteko lan egiten ari diren herrialdeekin bat egitera animatu du Greenpeacek.
'Artic Sunrise' ontzia, Bilbon. EFE.
Ozeanoentzako mehatxuak eta arriskuak
Bestalde, Eva Saldaña Greenpeaceko zuzendari exekutiboak ohartarazi du garrantzitsua dela igandean Europako Parlamenturako hauteskundeetan bozkatzea, bai ingurumenaren kontserbazioaren ikuspegitik, baita ikuspegi "ekosozial" batetik ere.
Saldañaren hitzetan, "une berezia da Europan, agenda berdeari eta agenda sozialari buruzko politika oso atzerakoiak" planteatzen ari direlako, "eskuin muturreko alderdien" eragina dela medio. Horregatik, boto bakoitza "erabakigarria da, ez bakarrik maila politikoan, baizik eta ozeanoen eta planetaren beraren biziraupenagatik".
Gainera, Greenpeacek ohartarazi du arrantza industrialak eta itsaspeko meatzaritzak ondorioak izango dituztela biodibertsitatean eta itsas ingurunean.
Ozeanoen mehatxu handienak horiek badira ere, badira bestelakoak ere, eta erakundeak "egungo arrantza-eredua aldatzeko" eskatu dio Espainiari, eta "artisau-arrantza eta itsaski-bilketa zaintzeko", gaur egungo gehiegizko arrantza babestu beharrean.
1.500 tona inguruko pisua duen Artic Sunrise itsasontzia, Greenpeacerena, izotz-hausle bat izan zen 70eko hamarkadan, eta Artikoan erabiltzen zen, itsas txakur edo fokak ehizatzeko. Orain, ozeanoak babesteko kanpainaren ontzia izango da, eta Ukrainako kapitaina eta 12 nazionalitatetako 16 tripulatzaile ditu.
Arctic Sunrise igandera arte egongo da Bilbon, eta bisita gidatuak, ingurumen-tailerrak eta kontzertuak eskainiko dituzte larunbatean Itsasmuseumeko kaian.