Gizartea
Delitua
12 lagun atxilotu eta faltsututako telefonia mugikorreko 5.319 produktu atzeman dituzte Bizkaian
EITB MEDIA
Asia hego-ekialdeko herrialdetatik ekarritako produktu horiek 406.387 euroan balioetsi dituzte.
-
Guardia Zibilak atzemandako produktuak
Guardia Zibilak, "Malum" operazioaren baitan, hamabi pertsona atxilotu ditu Bizkaian, eta zortzi ikertzen ari da, faltsututako telefonia mugikorreko produktuak merkaturatzea egotzita. Industria-jabetzaren kontrako delitua egotzi diete atxilotuei, faltsututako 5.319 produktu gorde eta saltzeagatik.
Ikerketari esker jakin dutenez, sakelako telefonoak saldu eta konpontzen dituzten 20 bat dendatan gailu eta osagarri faltsifikatuak saltzen omen zituzten.
Asia hego-ekialdeko herrialdetatik ekarritako produktu horiek —ez zuten Europar Batasunean merkaturatzeko baimenik— 406.387 euroan balioetsi dituzte.
Haririk gabeko entzungailuak, kargagailuak, konexio-kableak, pantailak eta silikonazko karkasak daude atzemandako produktuen artean.