Itxi

Gizartea

LEHEN SEKTOREAREN PROTESTA

Gipuzkoako errepideetako "kaosaren" ostean, protokoloak berrikusteko eskatu dio Garmendiak Jaurlaritzari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren "aurreikuspen falta" ikusi du atzo Gipuzkoako errepideetan izandako "kaosaren" atzean. Are gehiago, nabarmendu du arazoak Gipuzkoan sortu zirela, ez Lapurdin.

  • Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.

    Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. EITB Media

Atzo Gipuzkoako errepideetan izandako "kaosaren" atzean Eusko Jaurlaritzaren "aurreikuspen falta" dagoela uste du Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, eta horregatik protokoloak berrikusteko eskatu dio Segurtasun Sailari.

Lehen sektoreko profesionalek traktoreekin Biriatuko ordainlekuan egindako 24 orduko blokeoaren ondoren, Gipuzkoako ipar ekialdeko errepide nagusiak kolapsatuta egon ziren goizeko 10:00etatik 21:45era arte, hau da, kamioiei bidea ematearekin bat. A-15, AP-1 eta AP-8 errepideetan aurrekaririk gabeko ilarak sortu ziren, eta 40 kilometrorainokoak izatera iritsi ziren.

Gasteizen gaur egindako ekitaldi batean Garmendiak nabarmendu duenez, atzokoan aurreikuspenek huts egin zuten, uste baitu aurreikusi zitekeela "kolapso handia" gertatuko zela.

Kazetarien galderei erantzunez, arazoak Gipuzkoako aldean izan zirela azpimarratu du Garmendiak, ez Lapurdin. "Protokoloak berrikusi behar dira. Eskumena dutenak ezin dira besoak gurutzatuta gelditu", adierazi du.

Segurtasun Sailetik gidariei "pazientzia" eskatzea ondo dagoela esan ondotik, gogoratu du administrazio publikoak arazoak konpontzeko daudela eta ez sortzeko.

Bestalde, protesta baten testuinguruan berriro muga ixtea ezin dela errepikatu erantsi du, besteak beste, "ondorio ekonomiko handiak" dituelako garraiolarientzat ez ezik, beste sektore batzuentzat.