Gizartea
BILBO
Apirilean Bilboko banketxe batean 60.000 euro lapurtu zituen gizona atxilotu dute
EITB MEdia
Susmagarria, 57 urteko bilbotarra, gaur goizean atxilotu dute Bizkaiko hiriburuan. Atxilotua ertzain-etxera eraman dute beharrezko izapideak egiteko, eta epailearen esku utziko dute. Ikerketa zabalik dago, eta Ertzaintzak diligentziekin jarraitzen du.
-
Bankoa banketxearen bulego batean gertatu da lapurreta. Argazkia: EITB Media
Ertzaintzak apirilaren 17an Bilboko banketxe batean 60.000 euro lapurtu zituen gizona atxilotu du. Lapurretan ez zen inor zauritu.
Susmagarria, 57 urteko bilbotarra, gaur goizean atxilotu dute Bizkaiko hiriburuan, Ertzaintzak egindako ikerketari esker identifikatu ahal izan baitute, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Atxilotua ertzain-etxera eraman dute beharrezko izapideak egiteko, eta epailearen esku utziko dute datozen orduetan. Ikerketa zabalik dago, eta Ertzaintzak diligentziekin jarraitzen du.
Atxilotuari Areilza Doktorearen kaleko (Indautxu auzoa) banketxe batean lapurreta egitea leporatzen diote, sukurtsal hori ireki berria zenean.
Gizonak, ileordea eta gabardina bat jantzita eta pistola eskuan, banketxean zeuden hiru beharginak kutxa gotorra irekitzera behartu zituen. Ondoren, gela batean giltzapetu zituen, eta 30.000 eurotik gora eraman omen zituen.
Behin bulegotik kanpo, kotxe bat geldiarazi zuen eta, pistolarekin mehatxu eginez, Basurtu alderantz eraman zezan derrigortu zuen. Autotik jaitsi aurretik, lapurrak 100 euro eman zizkion gidariari.
Lapurretaren berri izan eta berehala, bilatzeko lanei ekin zien Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Basurtu auzoa arakatu zuten, izan ere, Basurtuko Ospitaleko komun batzuetan aurkitu zituzten lapurraren ileordea eta gabardina.
Ikerketa zabalik zegoen eta Ertzaintzak lapurraren bila jarraitu du gaur arte.