Itxi

Gizartea

USE

Nafarroako ikasleek gaur ekin diete unibertsitatera sartzeko probei

EITB MEDIA

Guztira, 4.036 pertsonak egingo dituzte probak Foru Erkidegoan; ikasle kopurua ia bikoiztu egin da azken hamarkadan. EAEn, bihar hasiko dira azterketak eta 13 433 ikasle daude deituta, 2023koaren antzeko kopurua.

0:41
Iruñea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Nafarroan gaur hasi dira (09:00) Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziorako (USE) azterketak, eta 4.036 ikasle daude izena emanda. EAEn, aldiz, bihar ekingo diete probei, eta  13.433 ikasle daude deituta.

Foru Erkidegoan ekainaren 6ra (osteguna) arte egingo dituzte azterketak Iruñeko eta Tuterako unibertsitateetan, eta notak ekainaren 12an emango dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoan ostiralera arte iraungo dute. Kasu honetan emaitzak hilaren 13an argitaratuko dira, 12:00etan.

Aipatzekoa da Nafarroan matrikula etengabe hazi dela azken urteotan, eta aurten marka guztiak hautsi dituela; izan ere, lehen aldiz gainditu du 4.000 ikasleko muga, duela hamarkada bateko kopurua ia bikoiztuz. Izena eman dutenen % 92 Batxilergotik dator, eta % 8 baino ez erdi-mailako heziketa-zikloetatik. Emakumeek gehiengoa izaten jarraitzen dute, % 59, eta probak gaztelaniaz egiten dituztenak ere euskarazkoak baino gehiago dira ( % 74,5).

Euskadiri dagokionez, datuak 2023koaren antzekoa dira, (orduan 32 ikasle gutxiagok eman zuten izena). Ikasle guztietatik, 12.073 Batxilergokoak dira, 849k LHko Goi Mailako Heziketa Ziklo bat burutu dute, hau da, % 4 gehiago; eta 511 aurreko ikasturteetako ikasleak dira, nota igotzeko ikasgai espezifikoetara aurkezten direnak, EHUk jakitera eman duenez.

Lurraldez lurralde aztertuta, 1.762k Arabako Campusean egingo dute proba, 6.291k Bizkaikoan eta 4786k Gipuzkoakoan, eta beste 83 ikaslek ez dute esleitutako campusik.

Hizkuntzari dagokionez, batxilergoko ikasleen % 77,21ek (9.322 ikasle) euskaraz egingo du proba, eta % 22,79k (2.751) gaztelaniaz; Lanbide Heziketako ikasleen % 55,48k (471) euskaraz egingo du proba, eta % 44,52k (378) gaztelaniaz. Sexuen arabera, % 57,84 (7.474) emakumeak dira eta % 42,16 (5.448) gizonak.

Bestalde, Unibertsitateak egokitzapenak egingo ditu hezkuntza-premia bereziak dituzten 703 ikaslerentzat (% 17,6 gehiago).

Bai Foru Erkidegoan, bai Euskaldin, azterketa eredua azken lau urteetako bera izango da, hau da, 2020an pandemiarekin aplikatu zen formula bera errepikatuko da.

Berrikuntza gisa, aurten ikasleek Espainiako Historiaren azterketa edo Filosofiaren Historiarena egin aukeratu beharko dute.