Itxi

Gizartea

Osasuna

Indar Gorriko kide bat atxilotu dute, Shon Weissman jokalari israeldarraren aurkako gorroto delitua leporatuta

EITB Media

Indar Gorrik salatu duenez, Shon Weissman Granada FC taldeko jokalari ohiak "Israelek Palestinaren aurka egindako genozidioa babestu zuen bere twitter kontuan, eta Gazan 200 tona bonba jaurtitzea eskatu zuen", Sadarren jokatu behar zuen aste berean.

  • Jarraitzale gorritxoak Sadarren.

    Jarraitzale gorritxoak Sadarren. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Poliziak Indar Gorriko kide bat atxilotu du gaur, Shon Weissman jokalari israeldarraren aurkako gorroto delitu bat egotzita.

Polizia iturriek baieztatu dutenez, atxiloketa X sare sozialean (Twitter zaharra) egindako mezuengatik izan da, aipatutako jokalariak Sadarrera bisita egin behar zuenean.

Indar Gorrik, ordea, ohar batean salatu duenez, Shon Weissman Granada FC taldeko jokalari ohiak "Israelek Palestinaren aurka egindako genozidioa babestu zuen bere twitter kontuan, eta Gazan 200 tona bonba jaurtitzea eskatu zuen", Sadarren jokatu behar zuen aste berean.

"Zergatik ez du Ezaelek buruan tiro egiten?" izan zen futbolariaren mezuetako bat, nahiz eta ondoren ezabatzea erabaki. "Zanpatu. Estutu. Zanpatu. Jainkoaren mendeku", "Zer arrazoi logiko dago Gazaren aurka 200 tona bonba jaurti ez izateko?", dira bere mezu edo partekatutako txio batzuk. "Gaza osoak babesten du terrorismoa. Gaza osoa hilik dago", da sare sozialean eman zuen beste like bat.

"Indar Gorrik sionistaren presentzia salatu zuen 'Shon Weissman kanpora, sionismoa-faxismoa suntsitu' zioen kartel batekin", azaldu du zale gorritxoen kolektiboak.

"Poliziaren aldetik ezer berririk ez, beste errepresio kasu bat harmailen aurka, borroka egiten eta elkartasuna adierazten dutelako. Gure aldetik ere ezer berririk ez, aldarrikapena gure harmailetara eramaten eta erresistentzia palestinarra babesten jarraituko dugu", ziurtatu dute.

Era berean, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak elkartasuna adierazi dio atxilotuari, "Palestinaren aldeko borrokan sionismoa seinalatzea eta konfrontatzea betebehar bat baita. PALESTINAREKIKO ELKARTASUNARI ERREPRESIORIK EZ!"

Sare Antifaxistak ere atxiloketa kritikatu du X sare sozialean: " gorroto delitu hitzaren prostituzio berria Poliziaren eskutik".