Itxi

Gizartea

Eguraldia

Eguzkitsu eta bero dator astea

EITB MEDIA

Astelehenean, egunaren lehen zatian, hodeiak nagusituko dira isurialde atlantikoan. Arratsaldean, lainoak saretu egingo dira, eta eguzkiak aginduko du egunaren azken partean. Astearterako, egun eguzkitsua iragarri dute, eta uda garaiko tenperaturak izango dira.

  • Txindoki

    Txindoki. Argazkia: Xanti Horrillo

Uda arrastorik gabeko asteburu nahasiaren ondotik, badirudi sasoiko eguraldia egingo duela asteon Euskal Herrian.

Astelehena goibel antzean hasiko da, hodei asko ikusiko baitira isurialde atlantikoan, eta euria egin baitezake, gauerdian eta lehen orduetan gehienbat. Arratsaldean, baina, lainoak saretu egingo dira, eta zeruak oskarbi egongo dira egunaren azken partean. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da gurean egun osoan zehar, baina tenperaturek gora egingo dute, eta 20 gradu inguruko maximoak neurtuko dituzte han eta hemen.

Asteartean, zeruak garbi egongo dira, eta udako tenperaturak espero dira. Nabarmen egingo dute gora termometroek, eta baliteke toki gehienetan 25 gradu edo gehiago egotea. Behe-lainoa agertuko da goizean goiz, eta hodeiren bat edo beste mendi inguruetan.

Asteazkenerako ere, uda beteko eguraldia iragarri dute: zeruak urdin eta tenperatura are altuagoak. Iragarpenaren arabera, ildo horri eutsiko dio ostegunean ere, nahiz eta goi-hodeien bat edo beste egongo den.