Itxi

Gizartea

SEXU ABUSUAK ELIZAN

Patxi Ezkiaga fraide eta idazle ezagunak sexu abusuak egin zizkiola salatu du emakume donostiar batek

EITB MEDIA

Euskadi Irratiari eman dion lekukotzaren arabera, 42 urte behar izan ditu barruan gordeta izan duen hori atera eta salaketa publikoa egiteko. Bera soilik ez, biktima gehiago ere izan zirela adierazi du.

  • Patxi Ezkiagaren artxiboko irudi bat. Argazkia: Legorretako Udala

    Patxi Ezkiagaren artxiboko irudi bat. Argazkia: Legorretako Udala

Haurra zenean Patxi Ezkiaga idazle eta fraide legorretarrak (1943-2018) sexu abusuak egin zizkiola salatu du Donostiako emakume batek. El País egunkaria Eliza katolikoaren baitan gertatutako sexu abusuei buruz egiten ari den txosten sortaren azken atalean agertzen da biktimaren lekukotza. Marisol Zamora du izena, eta albistea zabaldu berritan, Euskadi Irratiarekin hitz egin du bere salaketa berretsi eta lekukotza emateko.

Zamorak kontatu du 42 urte behar izan dituela barruan gordeta izan duena atera eta salaketa publikoa egiteko. Bera soilik ez, biktima gehiago ere izan zirela kontatu du, gainera.

Hurbilekoei ere duela gutxi eman die Patxi Ezkiaga idazle, itzultzaile eta Donostiako La Salle ikastetxeko irakasleak egindako sexu erasoen berri. Umetan bizi izandakoa mikrofonoetan kontatzeko indarrik ez du oraindik, baina pozik agertu da eman duen urratsarekin. Euskadi Irratiari azaldu dio 42 urte hauetan sentitu duela goraipatu egiten zela berarentzat erasotzailea zen pertsona bat, gaur arte. Izan ere, bere begiekin ikusi du Googlen "Patxi Ezkiaga" izena sartu eta gaur oso bestelakoa dela haren inguruko informazioa.

Zamorak kontatu du 8-9 urterekin, 70eko hamarkadan, jasan zituela lehen aldiz sexu erasoak Patxi Ezkiagaren aldetik. Idazlea familiako laguna zuten, eta haien etxera joan zen batean egin zion lehen aldiz eraso, ilunpetan, diapositibak jarrita, neskatoa elizgizonaren hanka baten gainean eserarazita. Genitalak ere ukitzen zizkiola kontatu du. Gerora, behin baino gehiagotan, bost urtez, Loiolako La Salle ikastetxeko bulegora joanarazi zuen eta gutxienez hamar aldiz egin zion eraso.

Azkena 1982an izan zen, 13 urte bete zituen egunean. Bulegora deitu zuen oparitxo bat emateko. Magalean eseri zuen eta ohiko ukituak egiten hasi zitzaion, baina neskatoa altxatu egin zen eta azkeneko aldia zela jakinarazi zion elizgizonari, bestela mundu guztiak izango zuela egiten zionaren berri.

Zamorak ohartarazi duenez, orain jakin du kasu gehiago ere badaudela.

Patxi Ezkiagaren ibilbidea

Patxi Ezkiaga 1943ko irailaren 12an jaio zen, Legorretan (Gipuzkoa). Literatura ikasketak egin zituen Cambridge eta Oxford unibertsitateetan, eta Historiako lizentzia eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean. Fraidea zen, eta Donostiako La Salle eskolan irakasle izan zen 20 urtez.

Literaturan oparoa izan zen haren emaria, eta, besteak beste, 15 poema liburu idatzi zituen.

Legorretako Udalak herriko seme kutun izendatu zuen 2002ko urriaren 26an.