Gizartea
Araba
Legutioko Reydesa enpresan piztutako sutea itzali dute, ordu luzez inguruan kezka sortu ondoren
EiTB Media
Sutea Reydesa enpresaren kanpoaldean hasi da, metalezko hondakinak pilatuta zeuden kanpoko eremu batean. Ertzaintzak, Ingurumenaren Aurkako Delituen Atalaren bitartez, ikerketa bat abiatu du ezbeharra eragin duten arrazoiak zehazteko.
Arabako suhiltzaileek X sare sozialean jakitera eman dutenez, Goiaingo industrialdeko enpresa batean piztu den sua itzali dute dagoeneko. Suteak kezka sortu du inguruko bizilagunen artean ordu luzez.
Sutea gaur goizean piztu da Legutioko Goiain industrialdean dagoen Reydesa birziklatze enpresan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Arabako suhiltzaileek baieztatu dutenez, sutea 11:30ak aldera hasi da metalezko hondakinak pilatuta zeuden kanpoko aldeko eremu batean. Segituan ke laino handia sortu da. Otua taldeko enpresak metalak birziklatzen ditu, eta, horregatik, kezka agerikoa izan da ingurukoen artean.
Gasteizko eta Arabako suhiltzaileak ez ezik, larrialdietako langileak, eta Ertzaintza bertaratu dira sutearen tokira. Segurtasun Sailaren informazioaren arabera, ez da inor zauritu. Badaezpadako neurri gisa, lehen ordu horietan, Goiain industrialdea jendez hustu dute eta maskara erabiltzeko gomendatu.
Sortutako ke laino handiaren ondorioz, larrialdi zerbitzuek leihoak ixteko eta etxetik ez irteteko gomendatu diete inguruko bizilagunei. Legutioko Udalak ere bando bat igorri du gomendio horrekin berarekin, suak "eragindako 3. mailako hodei toxikoa ez arnasteko". Bi gomendio horiek dagoeneko ez daude indarrean.
Oraingoz, ez dakite sua zerk eragin duen. Zentzu horretan, Ertzaintzak, Ingurumenaren Aurkako Delituen Atalaren bitartez, ikerketa bat abiatu du ezbeharra eragin duten arrazoiak zehazteko.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak X sare sozialean baieztatu duenez, suhiltzaileek sua itzaltzea lortu dute. Era berean, larrialdi zerbitzuei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, eta herritarrei babes eta lankidetzagatik.
Me alegra comunicar que se ha logrado extinguir el incendio de #Legutio. Los bomberos harán seguimiento para evitar posibles rebrotes.
— Ramiro González (@ramirogonza) May 30, 2024
Mi agradecimiento a todos los equipos y a la ciudadanía por su apoyo y colaboración. pic.twitter.com/S2V3BPoFcZ
EH Bilduk Batzar Nagusietan duen bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek uste du Legutioko bizilagunek bizi duten egoera "jasanezina" dela.
Pedimos explicaciones al Diputado General para que explique la grave situación que se está viviendo ahora mismo en Gojain y Urrunaga.
— Eva L.Arroyabe (@ArroyabeEva) May 30, 2024
No es la primera vez que hay un incendio en este polígono, pero debe ser la última.
Bertako biztanleen segurtasuna bermatzea ezinbestekoa da. pic.twitter.com/7uLy1WXvhZ
Jose Damian Garcia Elkarrekin Arabako batzarkideak iragarri du bere talde politikoak azalpenak eskatuko dizkiola Amaia Barredo Ingurumen diputatuari. "Ezer egingo al dute Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta Legutioko Udalak Otua taldeko enpresek sortzen dituzten kutsadura arazoak konpontzeko?", galdetu du X sare sozialean.