Gizartea
Trafikoa
Patinete elektrikoek erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak lege proiektu bat onartu du ibilgailu pertsonal arinentzako aseguru hori derrigorrezkoa egiteko, baita nekazaritzako edo industriako ibilgailuentzako ere. Diputatuen Kongresuak araua onartu beharko du.
-
Patinete elektrikoak Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Patinete elektrikoek aseguru bat izan beharko dute, Ministroen Kontseiluak onartutako lege proiektuaren arabera. Europako zuzentarau bat sartzeko onartu dute proiektua. Behin betiko legea Diputatuen Kongresuak onartu behar du.
Proiektu hori ibilgailu pertsonal arinez ari da, hau da, ibilgailu motordunen gehieneko abiadura orduko 6-25 km-koa izan dezaketen ibilgailuak, 25 kg-tik beherakoa badira, eta orduko 6-14 km-koa izaten dezaketenak, 25 kg-tik gorakoa badira. Ibilgailu horien artean daude mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak. Erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute, nahitaez.
"Hirietako garraio iraunkorra eta ibilgailu berri horiek eragindako istripuen biktimak babestea bateragarri egin nahi dira hemen", adierazi du Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioak.
Gainera, Europako zuzentarauaren transposizioak ibilgailu motordunen definizioa zabaltzen du, derrigorrezko asegurua nekazaritzako edo industriako ibilgailuetara zabalduta (orain arte salbuetsita zeuden). Ibilgailu horien jabeek sei hilabeteko epea izango dute aseguru hori sinatzeko, legea argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
Era berean, Balorazio Sistemaren Jarraipen Batzordeak sei hilabete izango ditu, legea argitaratzen denetik, ibilgailu pertsonal arinetarako nahitaezko asegurua erregelamendu bidez garatzeko proposamena egiteko. Gobernuak ibilgailu pertsonal arinen erregistro publikoa jarri beharko du martxan 2026ko urtarrilaren 2a baino lehen.
Arauak aldaketak sartzen ditu biktimen kalte ordainetan ere; ministerioaren arabera, prozedura arintzeko eta bide judiziala ahal den neurrian saihesteko. Kasu batzuk ere gehitu edo zabaldu dira, kaltetuen estaldura hobetzeko.