Itxi

Gizartea

Sexu erasoak

Getxoko ikastetxe bateko irakasle bat ikertzen ari dira, hainbat familiak sexu erasoengatik salatu ostean

EiTB Media

Oraingoz, lau haurren familiek jarri dute salaketa. Ikastetxeak bilera egin du Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoekin. Emandako azalpenek ez omen dituzte asebete eta batzuek salatu dute zuzendaritzak "berandu" jardun duela.

  • Getxoko Europa ikastetxea

    Getxoko Europa ikastetxea. Argazkia: EFE

Ertzaintzak ikerketa abiatu du Getxoko Europa ikastetxeko hainbat familiak sexu askatasunaren aurkako delituengatik irakasle bat salatu ostean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lau adin txikikoren familiek salaketak aurkeztu dituzte eta ez du baztertzen gehiago izatea. Ikastetxeko hainbat gurasok adierazi dutenez, biktimak Haur Hezkuntzako lau urteko haurrak dira.

Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta Segurtasun Sailak ez du baztertzen salaketa gehiago izatea.

Ikastetxearen gertuko iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, ikertutako gizona Haur Hezkuntzako irakaslea izan da aurtengo ikasturtean. Aurrez, beste bi urtez murgiltze programetan parte hartu du, tarteka.

Irakaslea Europa ikastetxetik apartatu egin dute, eta Haur Hezkuntzako familiekin bilera egin dute arratsaldean. Batzarratik irtetzean, familietako batzuk kritiko azaldu dira, eta salatu dute joan den astean lanean zegoela irakaslea, lehen susmoak zabaldu zirenean.

Gurasoetako batzuk, ikastetxetik ateratzen. EFE

Gurasoetako batzuk, ikastetxetik ateratzen. EFE

Europa ikastetxearen mezua, gurasoei

Gertatutakoaren aurrean, Europa ikastetxeak mezua bidali die familia guztiei. Oharrak dioenez, hezkuntzako ikuskariekin eta Poliziarekin elkarlanean ari da, "zantzuen berri izan duten lehen momentutik".

Ikastetxeak familiei jakinarazi die ikerketapean dagoen irakaslea apartatu egin dutela.

Atzo bilera egin zuten gertakarietan nahastutako ikasturteko familiekin, gertaturikoa azaltzeko eta ikastetxeak horren aurrean egindakoaren berri emateko.

Halaber, ikastetxeko baliabideak familien eskura jarri ditu, eta beharrezkoa bada, ez du baztertzen "baliabide gehigarriak erabiltzea behar den denboran".

Azkenik, ikastetxeak dio lanean ari dela, "ikasleak eta horien familiak babesteko", batetik, eta zabaldutako legezko prozedurak ez oztopatzeko.

Gaur goizean seme-alabak zentrora eraman dituzten gurasoetako asko kezkatuta agertu dira, gertaturikoagatik. Lehen Hezkuntzako ikasle baten gurasoak hedabideen aurrean azaldu duenez, ikastetxeak pasa den astean izan zuen gertatutakoaren berri, eta hala ere, irakasleak eskolak ematen jarraitu zuen.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik ez dute gaiari buruzko adierazpenik egin nahi izan.