Itxi

Gizartea

Eliza Katolikoa

Frantzisko aita santua: "Apaiztegi batzuetan giro marikoi handiegia dagoela uste dut"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Aita santuak italierazko 'frocciagine' (marikoia) hitza erabili zuen maiatzaren 20an Italiako apezpikuekin izandako bileran, eta duela egun pare bat argitaratu zen Dagospia webgunean.

  • Frantzisko aita santua

    Frantzisko aita santua. Argazkia: EFE

Aita santuak homosexualei seminarioetan sartzea galarazteko eskatu die Italiako gotzainei, eta "apaiztegi batzuetan giro marikoi handiegia" dagoela esan du lagunarteko hizkeran, La Repubblica egunkari italiarraren arabera.

Il Corriere della Serak aipatutako iturrien arabera, aita santuaren esaldia "barreekin" hartu da: "Agerikoa zen aita santua ez zela jabetzen hitz hori italieraz zein iraingarria den".

Aita santuak italierazko 'frocciagine' (marikoia) hitza erabili zuen maiatzaren 20an Italiako apezpikuekin izandako bileran, eta duela egun pare bat argitaratu zen Dagospia webgunean, ustezko informazio esklusiboak argitaratzen dituena. Astelehen honetan Italiako zenbait hedabidek, Corriere della Serak eta Repubblicak kasu, esandakoa berretsi dute gotzain batzuekin.

Ateak itxita eta kazetaririk gabe egindako bilera batean, Frantziskok honakoa esan zuen: "Apaiztegi batzuetan giro marikoi handiegia dagoela uste dut".

Nolanahi ere, aita santuak prelatuei eskatuko zien baztertutako hautagaiei "errespetuz eta adeitasunez" laguntzeko, bere ustez hobe dela homosexualak seminarioan ez sartzea, baina sartuz gero, hobe dela apaiz ez bihurtzea.

Aita santuaren hitzak bat datoz Vatikanoak 2005ean prestatu eta 2016an berretsitako "Instrukzioak" ezartzen duenarekin. "Elizak ezin ditu onartu homosexualitatea praktikatzen dutenak, joera homosexual sakonak dituztenak edo horrela deitzen den gay kulturari eusten diotenak", irakur daiteke testuan.

Frantzisko eta Italiako gotzainak Italiako Gotzainen Batzarrak urtero ospatzen duen batzar orokorra baino egun batzuk lehenago bildu dira, bera Erromako gotzain lez.