Gizartea
Eguraldia
2024ko maiatza, azken urteetako euritsu, ilun eta freskoena
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Urtez urte klima aldaketak gero eta tenperatura altuagoak ekartzen dizkigula egiaztatzen ari garen arren, aurtengo maiatzak aurreko urteetako joera hautsi du eta batez besteko tenperatura baxuagoa izan da. Prezipitazioak ere aurreko urteetako maiatzean baino ugariagoak izan dira.
Euskal Herrian eguraldiari buruz hitz egitea ohiko kontua omen da. Aurtengo maiatzean izaten ari garena bereziki ari da irteten batzuen eta besteen solasaldietan: han eta hemen asko dira hotz egiten duela, eguzkirik ia ez dugula ikusi edota euri asko egiten ari dela esaten dutenak.
Horiek guztiek arrazoia ote duten jakin nahi izan dugu eta datuei erreparatu diegu horretarako. Abetxukun (Gasteiz), Arrasaten, Biarritzen, Miramonen (Donostia), Iruñean eta Paganosen dauden meteorologia estazioetako datuak aztertzen eta aurreko urteetakoekin konparatzen aritu gara. Konparazio hauek egiteko bi datu sorta begiratu ditugu: alde batetik, azken lau urteetako maiatzeko datuak eta, bestetik, azken 30 urteetako datuak kontutan hartuta ateratzen den bataz bestekoa.
Hau guztia begiratuta, gauza bat dago nahikoa argi: aurtengo maiatza ohikoa dena baino euritsuagoa eta ilunagoa izan da; baita azken lau urteetako hotzena ere.
Eguzkiak goxatu gaituen orduei dagokionez, denok nabaritu dugu eguzki gutxiago ikusi dugula, batik bat, Kantauri isurian. Biarritzeko estazioan, adibidez, 151 eguzki ordu zenbatu dituzte maiatzaren 27a arte, bataz bestekotzat hartu bataz besteko datua baino % 23 gutxiago.
Biarritzeko estazio meteorologikoak eskainitako datuak. Argazkia: EITB Media.
Prezipitazioetan ere alde nabarmena egon da urte batetik bestera. Esate baterako, Donostian maiatzeko bataz bestekoa 120 litro metro karratuko baldin bada, aurten 176 litrotik gora jaso dira (% 46 gehiago) eta maiatzeko 22 egunetan egin du euria. Hori bera gertatu da aztertutako gainerako eguraldi-estazioetan ere, guztietan egin du euria bataz besteko mailatik gora.
Euri horrek ipar isuriko urtegiak betetzea eragin du. Gipuzkoan, esate baterako, ia iritsi dira euren maila gorenera. Bizkaian, berriz, % 87aren bueltan daude Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arabera.
2021 eta 2024 urte artean, maiatzen, egindako euria. Iturria: Euskalmet, Meteo Navarra eta Infoclimat
Aurtengo euri-ur kantitatearen datuak bereziki deigarriak dira azken bi urteetako garai berarekin alderatzen badira. Izan ere, 2022 eta 2023ko maiatzak oso lehorrak izan ziren. Adibide bat jartzearren, Arabako Errioxako Paganos herrian, iaz baino bost aldiz euri gehiago egin du aurten. Maiatzaren 28a arte, metro koadroko 40 litro jaso dituzte. Azken bi urteetan, berriz, datu horretatik oso urrun gelditu ziren: 7,5 litro 2022an eta 7,2 litro 2023an.
Iruñeko datuetan ere aldea esanguratsua da. Nafarroako hiriburuan 69 litro da maiatzean bataz beste egin ohi duena. Bada, duela bi urte ia ez zuen euririk egin (2,9 litro metro koadroko) Meteo Navarraren datuen arabera. Maiatza osoan lau egunetan soilik busti zuen apur bat eta hil osoan bota zuen ia guztia egun bakarrean egin zuen: maiatzaren 11an 2,4 litro egin zituen. Aurten, berriz, 20 egunetan egin du euria Iruñean eta, guztira 76 litrotik gora pilatu dira.
Halaber, tenperaturari ere begiratu diogu. Orokorrean, azken lau urteetako maiatzik hotzena izan da 2024 honetakoa.
2021-2024 urteen artean, maiatzean, izandako tenperatura. Iturria: Euskalmet, Meteo Navarra eta Infoclimat
Hileko bataz besteko tenperatura orokorrari so eginda, aldaketa handirik nabarmentzen ez bada ere, egunez eguneko tenperatura maximo eta minimoak aztertuta, maiatza freskoa izan dela esan daiteke. Arrasateko estazioan, adibidez, 19 egun zenbatu dituzte aurten 20 gradutik beherako tenperaturarekin eta kostaldean, Miramonen, 20 izan dira. Horrez gainera, 25 gradutik gora neurtu diren 3 egun izan ditugu kantauri isurian.
Iaz, ordea, 25 gradutik gorako 6 egun izan genituen eta horietako batean 30ak ere gainditu ziren. 2022ko maiatza, berriz, are beroagoa izan zen barneko bailaretan. Arrasaten 10 egun zenbatu ziren 30 graduren bueltako tenperaturekin. Maiatzaren 21ean, esate baterako, 34,4koa izan zen maximoa.
Mediterraneo isurian ere aldea nabaritu dute. Paganosen, aurtengo maiatzean, 16 egunetan gelditu da tenperatura 20 gradutik behera eta, gainditu dituenean, gehienetan, 23ren bueltan errenditu dira termometroak. 2023ko hilabete berean, ostera, 14 egunetan egin zuen 20 gradu baino tenperatura hotzagoa, baina 25 gradutik gorako egunak 6 izan ziren.
Barnealdean ere, 2022ko maiatza bereziki beroa izan zen. Paganosen 20 gradukoak baino tenperatura altuagoak izan ziren ia hil osoan eta 5 egunetan 30 graduren bueltan ibili ziren.
2024ko apirila inoiz neurtutako beroena izan zen mundu mailan Copernicus zerbitzuak zabaldutako datuen arabera. Baliteke maiatzak ere mundu mailan halako datuak uztea, baina Euskal Herrian behintzat oso bestelakoa izan da hil honetako eguraldia.