Gizartea
Ezbeharra Palman
23 urteko emakume nafar bat da Palmako ezbeharrean hildako lauretako bat
Agentziak | EiTB Media
Ezbeharra gertatu den jatetxeko langilea zen, Nafarroan jaioa baina Foru Erkidegoan sustrairik ez zuena. Beste hiru hildakoak 20 eta 30 urteko bi turista aleman eta 44 urteko bezero senegaldar bat dira.
Atzo Palmako hondartzan jatetxe bat behera etorrita hil ziren lau pertsonetako bat 23 urteko emakume nafarra da —Medusa Beach Club jatetxeko langilea—, Polizia Nazionalak eta Nafarroako Gobernuak baieztatu dutenez. Nafarroan jaioa bazen ere, ez zuen sustrairik Foru Erkidegoan, eta Palman bizi zen.
Beste hiru hildakoak bi emakume eta gizon bat dira: 20 eta 30 urteko bi turista aleman eta 44 urteko bezero senegaldar bat. Azken hori, Aboulaye Diop, ezaguna zen 2017ko abenduan uretatik atera ezinik ari zen pertsona bat erreskatatu zuelako Palmako hondartzan.
Bestalde, 16 zaurituetako 11 Mallorcako hainbat ospitaletan daude, eta gainerakoek sendagiria jaso dute. Zaurituen nazionalitateari dagokionez, 16tik 14 herbeheretarrak dira.
Ezbeharra atzo 20:30 aldera gertatu zen. Medusa Beach Club jatetxeko terraza (eraikinaren lehen solairuan zegoen) sotoraino erori zen, beheko solairuko zorua ere hondoratuz.
Lekukoen arabera, lokalean bezero ugari zeuden, turista atzerritar asko tartean. Balearretan turismo sasoiaren goi denboraldia hasita dago, eta turista alemanak ohikoak dira inguru horretan.
Lehen hipotesien arabera, lehen solairuaren gehiegizko pisuak eta eraikinaren antzinatasunak eragin zuten ezbeharra. Palmako suhiltzaileen burua den Eder Garciak ostiral honetan hedabideen aurrean azaldu duenez, bi arrazoi horiek daude ezbeharraren atzean. Hala ere, Medusa Beach Clubeko terraza zergatik hondoratu zen argitzeko ikerketa zabalik dago.
Eraitsitako terraza teilatu eraberritu batean egin zuten galdetuta, Garciak esan du terraza gisa erabiltzen zela eta baimenak eta lizentziak ba ote zituen aztertu behar dela.
Polizia Nazionala ingurua ikuskatzen aritu da ostiralean, Palmako suhiltzaileek goizaldean hondakinak kentzeko lanak amaitu ondoren.
Palmako Udalak hiru dolu egun ezarri ditu. Balear Uharteetako Gobernuak, bere aldetik, dolu eguna izendatu du biharkoa.