Gizartea
Indarkeria matxista
Indarkeria matxistak umezurtz utzitako adingabeek bihartik aurrera eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak
EITB Media
Jaurlaritzak urtero 5.760 euro emango dizkie eta laguntza 25 urtera arte luzatuko da ikasketa arautuak egiten dituztenen kasuan edota mendekotasuna edo desgaitasuna aitortuta dutenentzat. Gainera, azken bi kasu horietan zenbatekoa bikoitza izango da (11.520 euro).
-
Irudia: Pixabay
Jaurlaritzak bihartik aurrera emango dizkie dirulaguntzak indarkeria matxistak umezurtz utzitako adingabeei. Helburua da haur eta gazte horiek biktima zuzen gisa aitortzea eta egindako kaltea konpontzen laguntzea. Are gehiago, laguntza 25 urte bete arte jasotzen jarraitu ahalko dute gazteek bi kasutan: ikasketa akademiko arautuak egiten badituzte edota mendekotasuna edo desgaitasuna aitortuta badute.
Astearte honetan argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian laguntzak arautzen dituen dekretua. Neurria Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen barruan dago.
Hala, aurrerantzean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen baitan, 18 urtez beherako umezurtzek 5.760 euro jasoko dituzte urtero, halako bi (11.520 euro) mendekotasunen bat edo % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta dutenek. Are gehiago, laguntza 25 urte bete arte jasotzen jarraitu ahalko dute bi kasutan: ikasketa akademiko arautuak egiten badituzte edota mendekotasuna edo desgaitasuna aitortuta badute.
Gainera, dekretuak ohiz kanpoko neurri bat aurreikusten du: 10.000 euroko ordainketa bakarra, atzeraeraginarekin, 2003ko urtarrilaren 1az geroztik amarik gabe geratu diren guztiei.
Laguntzok jasotzeko honako baldintzak bete beharko dituzte biktimek: ama hil zuten urtean adingabea izatea, laguntza eskatzen den unean 21 urte baino gutxiago izatea, eta EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea. Dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik (oraindik ez dute zehaztu noiz izango den) eskatu ahalko dira laguntzok.