Gizartea
GERTAKARIA
Gizon batek bi bilobak hil ditu Huetor Tajarko etxebizitza batean, Granadan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Etxean gotortuta zituen atzoz geroztik. Duela bi hilabete izandako trafiko-istripu bat izan liteke krimen bikoitza burutzearen arrazoia.
72 urteko gizon batek ustez 9 eta 14 urteko bi bilobak hil ditu Huetor Tejar herrian (Granada), Espainiako Gobernuak Andaluzian duen Ordezkaritzak baieztatu duenez. Zabaldu diren lehen datuen arabera, gizonak bere buruaz beste egin du ondoren. Hiru hildakoek suzko armaz egindako zauriak dituzte.
Igande arratsaldean Guardia Zibilak haurren aitaren deia jaso zuen gertakariaz ohartariz, hau da, 72 urteko gizona eta adingabeen aitona etxean arma batekin gotortu zela esanez. Berehala Alfred Nobel kaleko etxea Udaltzaingoaren eta Guardia Zibilaren agenteek inguratu zuten, eta hesituta izan dute gau osoan zehar.
Hainbat bizilagunen arabera, tiro hotsak entzun dira gauean zehar, eta, azkenean, Guardia Zibilak astelehen goizaldera lortu du etxera sartzea. Bertan aurkitu ditu hiru gorpuak.
Gertaera tragikoak aurrekari traumatikoa izan lezakela uste da. Antza denez, martxoaren 19an Loja eta Huetor Tajar lotzen dituen errepidean zirkulazio-istripua izan zuen ustezko hiltzaileak ibilgailua gidatzen ari zela, eta bertan emaztea eta alaba, haurren ama, hil ziren. Autoan bilobak ere zihoazen, eta zauritu egin ziren.
Orduz geroztik tira birak izan dira adin txikikoen aitaren eta ustezko hiltzailearen artean, hau da, haurren aitonaren artean, bilobak ikusten ez uzteagatik.
Haurren aitak igande arratsaldeko azken orduan ohartarazi zuen aitaginarrebak adingabeak etxean atxiki zituela. Suhiarekin izandako beste eztabaida bat izan liteke gotortu eta krimen bikoitza burutzearen arrazoia.
Huetor Tejarren hiru dolu-egun
Gertatutakoaren aurrean Huetor Tajarko Udalak (Granada) hiru dolu-egun ezarriko ditu astelehen honetan. Herriak atsekabetuta jarraitzen du, albistea sinetsi ezinik.