Itxi

Gizartea

Uholdeak

Lazkaoko kaleak ibai bihurtu dira arratsaldean bota duen euri-jasa ikaragarri baten ondorioz

EITB Media

15:30 aldean hasi da erauntsia, eta 8 litro bota ditu 10 minutuan. Garaje, lokal eta etxabeetan sartu da ura. Alkateak esan duenez, kalteak "handiak" dira.

1:21

Lazkaoko kaleak ibai bihurtu dira igande arratsaldean bota duen zaparrada oso bortitz baten ondorioz. 

15:30 aldean hasi da erauntsia. Euskalemeten Ordiziako estazioak jaso dituen datuen arabera, metro koadroko 8 litro bota ditu 10 minutuan, eta tenperaturak lau gradu egin du behera bat-batean. 

Horrenbeste ur hartu ezinda, ubideek eta estoldek gainezka egin dute, eta urak ahal izan duen lekutik egin du bere bidea. 

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak EITBri azaldu dionez, ordu erdi eskas iraun duen "euri erauntsi izugarria" izan da. 

Ura garaje, lokal eta etxabe askotan sartu da. 

Zubiarrainen hitzetan, Txindoki-Zahar egoitzara ur dezente sartu da teilatutik, eta egoiliarrak bertatik atera beharra izango ote zuten beldur izan dira une batez. "Azkenean, atera gabe moldatzeko modua izan dugu", erantsi du.

Maizpide euskaltegiko sotoan metro bateko altuera hartu du urak eta bertan zegoen guztia ondatu du.

Zaparrada oso lokalizatua izan da gainera; izan ere, Beasainen eta Ataunen, Lazkao ondo-ondoan dauden herriak biak, ez du aparteko euririk egin arratsaldean. 

Erauntsia igaro ondoren, ura ateratzeko lanean hasi dira herritarrak. Alkatearen esanetan, "kalteak handiak izan dira", kalte materialak betiere, ez baita kalte pertsonalik izan.  

Bihartik aurrera, kalteen balorazioa egin behar izango dute lazkaoko herritarrek.

Gi-2120 errepidean ere, ur putzu handiak sortu dira, eta une batean trafikoa moztuta egon da. Hala ere, 18:00ak aldera ez zen gidatzeko arazorik errepide horretan.

Kasualitateak kasualitate, gaur 34 urte, kazkabar historikoa izan zen Ordizian. Goierritarrek gogoan dute oraindik.