Gizartea
Afganistan
Afganistanen ostiralean turista talde baten aurka egindako erasoan zaurituetako bat Bilboko emakume bat da
EITB Media
Araceli Tamayo, 82 urteko bankako erretiratua eta bidaiari amorratua, Kabulgo ospitale batean dago. Hiru turista katalan hil zituzten atentatuan. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.
-
Emergency GKEaren Zentro Kirurgikoan dago zauritutako emakumea, Kabulen. EFE.
Ostiralean Afganistanen izandako atentatuan zauritu eta Kabulgo ospitale batean sendatzen ari den pertsonetako bat Bilboko emakume bat da, EITB Mediak baieztatu duenez.
Emakumeari ebakuntza egin diote, eta hobera egin du, baina pronostiko erreserbatua du.
Araceli Tamayo, 82 urteko bankako erretiratua eta bidaiari amorratua, Afganistango atentatuan hil zituzten hiru katalanekin batera joaten zen toki exotikoetara; hortik dator hasieran horren jatorriari buruz izandako nahastea.
"Eskerrik asko zuen animoengatik. Mirari bat izan da. Orain, azkar errekuperatzea espero dut etxera lehenbailehen itzultzeko. Laster arte", esan die mezu baten bidez BBK-ko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko kideei.
Tamayo hainbat aldiz elkarrizketatu du Roge Blascok Radio Euskadin, Levando Anclas saioan, bisitatu ohi zituen leku exotikoak zirela eta. Elkarrizketa horietako batean, bidaiariak Palestinako lurretan, Abrahamen bidea egiten izandako esperientzia kontatu zuen; bi astez, 330 kilometroko zeharkaldia, tokian tokiko bizilagunen etxeetan ostatu hartuz.
Diplomazialariak, Kabulen
Kabulen daude jada bertara joan diren diplomazialari espainiarrak, eta ostiralean Bamyan hirian izandako atentatuan hil ziren hiru turista katalanen gorpuak aberriratzeko izapideak arintzeko eta laguntza emateko lanean ari dira.
Erasoan zauritutako bilbotarra ingresatuta dagoen ospitalearekin ere harremanetan daude.
Onik atera ziren bi espainiarrak Afganistandik atera dira jada, goizean bat eta arratsaldean bestea, gestio pertsonal batzuk egin ostean.
Gobernuak bidalitako diplomazialari espainiarrak etengabeko harremanetan egongo dira ostiralean Bamyanen erasoa jasan zuen espainiarren taldearekin, herrialdea utzi eta gorpu guztiak espainiaratu arte laguntza kontsularra eskaintzeko.
Talibanak 2021ean boterera iritsi zirenetik atzerriko turisten aurka egin den lehen erasoa ostiralean gertatu zen, 18:00ak aldera, taldea "ibilgailu baten barruan" zegoela, Bamyan hiria bisitatzen ari zela, Bamyango Informazio eta Kultura zuzendari Safiullah Rayeden arabera. Bazarrean eraso zieten "gizon armatu batzuek". Erasoan, hiru afganiar ere hil zituzten.
Igande iluntzean kaleratutako ohar batean, bere gain hartu du atentatua Estatu Islamikoak.