Gizartea
Euskara
Kontseiluak "oldarraldi judizialaren" baitan kokatu du Gorenak Uliazpiren helegitea onartu ez izana
EITB Media
Auzitegi Gorenak ez du onartu Uliazpi Fundazioak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka aurkeztutako helegitea. Euskara eskakizuna "gehiegizkoa" zela jota, 34 zaintzaile plazari zegokion deialdia bertan behera utzi zuen orduko epaiak, eta erabaki hori berretsi du orain Gorenak.
-
Uliazpiko langileen protesta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena irten zenean. EITB Media
Auzitegi Gorenak ez du onartu Uliazpi Fundazioak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka aurkeztutako helegitea. Euskara eskakizuna "gehiegizkoa" zela argudiatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dagoen fundazio horretako 34 zaintzaile plazari zegokion enplegu eskaintza publikoa (EEP) bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta erabaki hori berretsi du orain Gorenak. Euskalgintzaren Kontseiluaren iritzian, "euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judiziala"ren baitan kokatu du erabakia.
Kontseiluak ohar bidez eman du Gorenaren ebazpenaren iritzia. Dioenez, "honek adierazten du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialak aurrera segitzen duela, ez duela etenik. Esku artean ditugun tresnak aldatu gabe zaila izango da auzitegien erasoei aurre egitea".
Horren harira, uste du ezinbestekoa dela tresna berriak eratzea eta horiek abian jartzea da bidea. Hala, Galizian eta Katalunian indarrean dagoen araudiari jarraiki, Iñigo Urrutia legelariak egindako proposamena aipatu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.
Kontseiluaren iritzian, Uliazpiren kasuan "jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak dira urratzen dira, desberdintasun funtzionalen edota buru osasun arazoen ondorioz zaintza premia bereziak dituztenak. Denok dakigu zaintza behar bezala jasotzeko hizkuntza zeinen erabakigarria den", azpimarratu du.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere desadostasuna adierazi du erabaki judizial honen aurrean. Hain zuzen ere, Foru erakundearen "desadostasun irmoena" adierazi du Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzek: "Erabakia onartzea beste erremediorik ez badugu ere, bidegabetzat jotzen dugu, sakondu egiten baitu joera kezkagarri batean: herritarren hizkuntza eskubideak, eta eskubide horiek bermatuz Foru Aldundiak bere enplegu publikoko politika diseinatzeko duen legezko autonomia zalantzan jartzearena, alegia".