Itxi

Gizartea

FAMILIEN NAZIOARTEKO EGUNA

% 25 hazi da familia ugarien kopurua Hego Euskal Herrian hamar urtetan

EITB MEDIA

Familia ugarien artean gehienak hiru-seme alabadunak dira: % 83 EAEn eta % 74 Nafarroan.

  • Artxiboko irudia

    Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media

2012tik 2022ra familia ugarien (hiru seme-alaba edo gehiago) kopurua % 25 hazi zen Hego Euskal Herrian: 27.173 izatetik 34.009 izatera igaro zen familia eredu hori hamar urteko epean. Arrazoien artean, 2012. urtera arte izandako jaiotze-kopuruaren hazkundea dago. Egungo legediaren arabera, familia unitateko kide gazteenak 26 urte bete arte luza daiteke (hainbat baldintza betez gero) familia ugariaren titulua.

Datuok Espainiako Gobernuaren Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren "Familia Ugari Tituluen Estatistika 2022" goiburua duen txostenetik ateratakoak dira, gaur ospatzen den Familien Nazioarteko Egunaren harira. Dokumentuak dio familia ugarien hazkunde handiena 2012-2017 urteetan izan zela —% 14,8ko igoera EAEn eta % 16,4koa Nafarroan—; aldiz, 2017-2022 aldian igoera hori nabarmen txikiagoa izan zen, jaiotze tasaren jaitsieraren ondorioz —% 8,9ko igoera EAEn eta % 7,8 Foru Erkidegoan.

Nabarmentzekoa den beste datuetako bat seme-alaba kopuruari dagokiona da. Familia ugarien artean gehienak hiru-seme alabadunak dira: % 83 EAEn eta % 74 Nafarroan. Lau seme-alabadunak familia ugari guztien % 14,1 dira Euskadin, eta % 21 Foru Erkidegoan.

Bestalde, ikerketaren arabera, EAEn erregistratutako familia ugarien artean % 16,7 atzerritik etorritakoak dira eta Nafarroan, berriz, % 20.