Itxi

Gizartea

Tuberkulosia

Tuberkulosiaren prebentziorako jarduera-protokoloa aktibatu dute Bizkaiko bost ikastetxetan

EITB Media

Gaitzaren kasu bakarra atzeman da. Pertsona hori tratamenduan dago eta haren kontaktu estuei egindako azterketak agerian utzi du ez dagoela kutsadurarik. Hala ere, prebentzio gisa, Osasun Sailak eskola-eremura zabaldu du kontaktuen azterketa.

  • Laboratorioko probak. Irudia: EFE.

    Laboratorioko probak. Irudia: EFE.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak tuberkulosi-kasuetarako aurreikusitako jarduera-protokoloa aktibatu du Bizkaiko bost ikastetxetan, eskola-komunitateko kide batek gaixotasuna duela atzeman ondoren. Pazientea tratamenduan dago, eta haren kontaktu estuei egindako azterketak agerian utzi du ez dagoela inolako kutsadurarik bere ingurunean.

Hala ere, prebentzioagatik Osasun Sailak kontaktuen azterketa eskola-eremura zabaltzea erabaki du. Abian jarritako prozesu honen helburua kasu posibleen detekzio goiztiarra eta horien tratamendu egokia da. Hori dela eta, gaixo dagoen pertsonarekin harremanetan egon diren Bilboko, Arrigorriagako eta Ugaoko bost ikastetxe horietako ikasleei eta irakasleei egingo zaie azterketa eta jarraipena.

Normalean tuberkulosia ez da gaixotasun larria izaten gure inguruan; tratamendu egokiarekin sendatzen da. Transmisioa arnasbidez izan ohi da, eztul egitean edo hitz egitean, baina, oro har, kutsatzeko, biriketako eragin hori duten pertsonekin bizikidetza estua eta luzea izan behar da.

Kasu honetan kutsatzeko arriskua ez da handia ikasleen eta gainerako langileen esposizio-denbora oso laburra izan delako eta kaltetutako pertsonak FFP2 maskara erabiltzen zuelako.

Osasun Sailak jakinarazi duenez, zentroei eta familiei egoeraren berri eman zaie, baita Osakidetzako ESIetako profesionalei ere. Era berean, ikasleen gurasoekin eta langileekin bilerak egitea aurreikusi dute, informazioa eman eta sor daitekeen edozein zalantzari erantzuteko. Azkenik, arretarako telefono bat ere jarri dute.

Esku-hartzea maiatzean eta ekainean egingo da. Aldi horretan, tuberkulinaren proba eta/edo odol-analisi bat egitea planifikatu da, kontaktua izan zuten pertsona horiek infektatu ote diren egiaztatzeko. Baiezkoen kasuan proba gehigarriak egiteko eta/edo prebentzio-tratamendua emateko beharra baloratuko litzateke.

Osasun Sailak lasaitasunerako deia egin du. Gogorarazi du prebentzio-protokoloak sarritan egiten direla, tuberkulosia ez dela aparteko gaixotasuna eta esperientzia dagoela ezarritako prozeduretarako.