Itxi

Gizartea

Bilbo

Normaltasunera itzuli dira Zorrotzako herritarrak enpresa kimiko baten ke isuria desagertu ostean

EITB Media

Profersa ongarri ekoizlearen lantegitik atera zen kea, baina ez zen suterik izan. Ate eta lehioak ixteko eta etxetik ez ateratzeko gomendatu zuten hasiera batean, baina lainoa desagertu da eta ez dago arriskurik.

0:44

Bilboko Zorrotza auzoko enpresa kimiko batek isuritako ke laino baten ondorioz konfinatuta egon dira bart hainbat herritar, baina lainoa gauerdirako desagertu da eta auzoak normaltasuna berreskuratu du, herritarrentzako arriskua desagertu ostean. 

Larrialdi zerbitzuek 20:30ean jaso dute balizko sute baten abisua, eta kea joan arte etxeetako ateak eta leihoak ixteko eskatu zieten inguruetako bizilagunei, bai eta etxean gelditzeko ere, kea desegin bitartean.

Ongarriak ekoizten dituen Profersa enpresatik atera zen ke lainoa, apirilaren 26an antzeko gertakari bat izan zuen enpresa beretik. 

Enpresatik jakinarazi dutenez, larunbat honetan ez da suterik egon lantegian, surik gabe atera da ke lainoa. Gainera, oraingo honetan lantegia ez zegoen martxan gertakaria jazo denean. Profersak nabarmendu duenez, apirilaren 26koan eta larunbat honetakoan ez da inor zauritu.

Maiatzaren 2an 1.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten manifestazio batean, "Sader eta Profersa enpresak Bilboko herrigunetik" atera behar dituztela aldarrikatzeko. Izan ere, bizilagunen iritziz, langai arriskutsuekin eta ongarri kimikoekin lan egiten duten enpresa horiek arriskutsuak dira inguruko herritarrentzat.