Gizartea
Eguraldia
Ekaitzak zapuztuko du uda giroa arratsaldean
EITB MEDIA
Larunbat goizean eguzkia ikusteko aukera izango dugu, baina arratsaldean ezegonkortzera egingo du eta zaparradak botako ditu nonahi. Jaurlaritzak abisu horia ezarriko du prezipitazio handiagatik. Maximoak jaisten joango dira asteburuak aurrera egin ahala, baina 20 °C-tik gora egongo dira.
-
Lainoak Zurriolako hondartzan. Argazkia: Joseba Ona
Uda beteko eguraldiak ez du segida izango asteburuan, EITBren meteorologia zerbitzuaren arabera. Izan ere, goietan aire hotza pilatuko da, eta horrek ekaitz giroa ekarriko du gurera. Tenperaturari dagokionez, 20 ºC-tik gora egongo dira termometroak bi egunetan, baina larunbatean igandean baino goxoagoa izango da aroa.
Larunbatean, giro argia izango dugu goizean, eta tenperatura atsegina eta epela izango da, hego ukituko haizeari esker. 23-24 ºC-ren bueltan egongo dira maximoak kostaldean, eta are gorago (26-28 ºC) barrualdean. Erriberan, sargori puntua ere izango da, 30 graduko langa igarota. Arratsaldean, ordea, haizeak iparraldera egingo du, eta hodeiak ugaritu egingo dira. Ekaitza lehertuko da denean, eta zaparrada mardulak botako ditu, baita txingorra ere, zenbait tokitan. Iragarpena kontuan hartuta, prezipitazio handiak espero direla eta, abisu horia ezarriko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. 15:00etatik 21:00etara, 15 litro pila daitezke ordubetean metro koadroko. Ekaitz-guneetan, haizeak zakar joko du, eta 60-80 km/h-ko ufadak egon litezke.
Igandean, antzeko traza izango du aroak, baina egun lainotuagoa eta freskoagoa izango da. Ipar-mendebaldeko haizea larunbatean baino lehenago sartuko da, eta ostarteak baino, hodeiak ikusiko ditugu zeruan. Ez da baztertzen eguerditik aurrera zaparrada batzuk botatzea, bereziki barnealdean eta mendi inguruetan. Dena dela, ekaitz arriskua bezperan baino txikiagoa izango da. Tenperatura maximoek behera egingo dute, eta balio altuenak 19-22 ºC-koak izango dira.
Astelehen arratsaldean, fronte bat iritsiko da, eta euritara joko du denean. Ordura arte, haizeak hegoaldetik joko du, eta tenperaturak gora egingo du berriro; 23-26 ºC-ren bueltan geldituko dira maximoak. Hodeitza saretu egingo da, eta ostarte zabalak izango dira. Alabaina, arratsaldean, frontea iristearekin batera, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da eta indartu egingo da, zerua estali, freskatu eta euria egingo du, batez ere ipar partean; momentu batzuetan, erruz egingo du euria.
Joeraren arabera, asteari eguraldi petralarekin ekingo diogu, euria eta tenperatura freskoa aurreikusten baitute modeloek.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.