Itxi

Gizartea

Bizkaia

Eskalatzaile bat hil da Mañarian, istripu batean

Agentziak | eitb media

Hildakoa Javier Mugarra da, 66 urteko zamudiotarra, eskaladan eta alpinismoan eskarmentu handikoa. Eguerdian erorikoa izan du. Erreskate taldeak bertaratu dira, eta biktima artatu dute, baina ezin izan dute haren bizitza salbatu.

0:33

Javier Mugarra mendizale eta eskalatzaile bizkaitar ezaguna hil da ostegun honetan, Arranatx mendian (Mañaria), Mugarratik gertu, eskalatzen ari zela erorikoa izanda.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 12:30 aldera gertatu da. Bi lagun eskalatzen ari ziren, eta oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, erorikoa izan du mendizaleak. 

Suhiltzaileak, Ertzaintzako erreskate-agenteak eta osasun-langileak bertaratu dira, eta bertan artatu dute biktima, baina azkenean hil egin da.

Hildakoa, 66 urteko zamudiotarra, esperientzia handiko eskalatzaile eta mendizalea zen, Bilboko udaleko suhiltzaile ohia. Aski ezaguna da Bizkaiko eta Euskal Herriko mendizaleen artean. Izan ere, Pirinioetan eta Alpeetan igoera asko egina eta eta mundu osoko goi-mendietan hainbat espediziotan parte hartua zen Mugarra, hala nola Yosemiten (AEBn), edo Karakorum mendilerroan, Asian.

Goi-Mendietako Euskal Eskolan eta Espainiakoan irakasle aritu zen.