Itxi

Gizartea

lanbide heziketa

EAEko lanbide heziketak 5.780 plaza gehiago eskainiko ditu 2024-2025 ikasturtean

EITB Media

Plaza berrien erdia baino gehiago Goi mailako zikloetan eskainiko dira, eta Informatika eta Fabrikazio mekanikoa dira gehien haziko diren lanbide arloak. Aurrerantzean malguagoa izango da formakuntza, eta titulazio baten modulu batzuk gaindituta ere ziurtagiri ofiziala lortu ahal izango da.

  • CIPG Easo Politeknikoko ikasleak.

    CIPG Easo Politeknikoko ikasleak. Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lanbide heziketako 64.105 plaza eskainiko ditu datorren ikasturtean (2024-2025), aurtengoan baino 5.780 gehiago. Lan munduan sektore zehatzetan dagoen profesional eskasiari erantzuteko hazi du Eusko Jaurlaritzak eskaintza.

Matrikulazio epea zabalik dago (astelehenean, maiatzaren 6an, ireki zen) eta 24ra arte egongo da zabalik, online (Hezkuntza Sailaren webgunean) edota lanbide heziketako zentroetan. 

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak Donostian eman dituzte matrikulazio kanpainaren xehetasunak eta berrikuntzak. 

Nabarmendu dutenez, plaza berrien erdia baino gehiago (2.690) Goi mailako zikloetan eskainiko dira. Halaber, lan munduan dauden beharrak aintzat hartuta, Informatika eta komunikazioa eta Fabrikazio mekanikoa dira gehien haziko diren lanbide arloak. 10 plaza berrietatik 7 zentro publikoetan eskainiko dira. 

Berrikuntza nagusiena formakuntzaren malgutasuna da. Ibilbide akademikoa bakoitzaren neurrira egin ahal izango da. Titulazio baten modulu bat gaindituta ere ziurtagiri ofiziala lortu ahal izango da.

Hala, C graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak egiteko bidea eskainiko du Hezkuntza Sailak. 

C graduak, lehentasunez, jardunean edo langabezian dauden langileei eskaintzen zaizkien irakaskuntzak dira. Lanbide Heziketako Eskaintza Modular Malguaren parte izanik, C graduen ezaugarria da ikasleak titulu bateko moduluetako batzuetan soilik matrikulatzen direla (ez titulu bateko modulu guztietan), eta amaitzean, ziurtagiri profesional bat lortzen dute. Ikasle horiek Eskaintza Modular Malguaren bidez egiten eta gainditzen duten guztia metatu egin daiteke, titulu bat lortu arte (titulua osatzen duten modulu guztiak osatzen dituztenean), azken helburua hori badute.

Bestalde, ibilbide integratuen helburua da Lanbide Heziketako oinarrizko maila hasten duen pertsona batek erdi-mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izatea (oinarrizko maila amaitzean) ikastetxe berean. Horregatik, lau ikasturteko ibilbidea da (2 oinarrizko mailakoak eta 2 erdi-mailakoak). Lehenengo bi urteak igarota, DBHko graduatu-titulua eta oinarrizko teknikari-titulua lortuko ditu; hurrengo bi urteak amaituta, teknikari-titulua (erdi-mailakoa) lortuko du.