Itxi

Gizartea

Elkartasuna Palestinarekin

Gazako zibilen hilketak amaitzea eta Israelen aurkako neurriak eskatzeko kanpaldiak, euskal unibertsitateetan

EITB Media

Oraingoz, Hego Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleek bi eguneko egitaraua prestatu dute, hainbat jarduerarekin, baina ez dute baztertzen kanpaldia luzatzea.

0:37

Palestinaren aldeko kanpaldiak hasi dira gaur Hego Euskal Herriko unibertsitateetan, Israelek Rafahn "ebakuazioa" agindu duen eta Hamasek Egiptok eta Qatarrek proposatutako su-etena onartu duen egunean. Kanpaldiek Gazako zibilen hilketak amaitzea eta Israelgo estatuaren aurkako neurriak eskatzen dute.

Ikasle Abertzaleek, Ikamak, Ernaik eta LABek dei egin diete Hego Euskal Herriko ikasleei #StudentForGaza mugimenduarekin bat egiteko.

Munduko unibertsitate askotan indarra hartzen ari da azken asteotan kausa palestinarraren alde mobilizatzen ari diren ikasleen borroka, eta borroka horretara batze aldera, Palestinaren aldeko kanpaldiak hasi dira EHUko Gasteizko, Ibaetako eta Leioako campusetan eta Nafarroako unibertsitate publikoan.

Oraingoz, bi eguneko egitaraua prestatu dute, hainbat jarduerarekin, baina ez dute baztertzen kanpaldia luzatzea.

Urriaren 7tik, Israelek egindako erasoek 122.800 biktima palestinar utzi dituzte, tartean hildakoak, zaurituak eta desagertuak. Hildakoak 34.700 baino gehiago dira eta zaurituak 78.100, Gazako agintariek astelehen honetan jakitera eman dutenez. Gainera, Gazako Defentsa Zibilaren arabera, 10.000 pertsona inguru desagertuta daude.

Gernika-Palestinak eta BDSk mobilizazioekin bat egin dute

Gernika-Palestina herri ekimenak bat egin du unibertsitate publikoetako campusetan deitutako mobilizazioekin.

Ohar baten bidez adierazi duenez, "Palestinak bizi dituen une zail hauetan" beharrezkoa da Israelen "genozidioa amaitzeko ahaleginak biderkatzea", "gizarte zibila aktibatuz".

Gernika-Palestinak bat egiten du #StudentsForGaza ekimenarekin eta "unibertsitateetako ikasleak eta beste sektore batzuk munduan zabaltzen ari diren salaketa-uholdearekin".

Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDS) ezartzeko Euskal Herriko mugimenduak ere kanpaldia babestu du. Ohar batean, Israelek Palestinako herriaren aurka egindako "genozidioa" salatu ostean, ikasle mugimendua "mundu osoan altxatu" dela nabarmendu du, eta AEB, Frantzia, Erresuma Batua edo Alemaniako kanpaldiak aipatu ditu, besteak beste.

Kanpaldien alde agertu ondoren, BDS Euskal Herriak Hegoaldeko unibertsitate publiko eta pribatuei, "Estatu sionistarekin eta bere erakunde akademikoekin harremanak eteteaz gain, apartheid israeldarrarekin dirua irabazten duten enpresekin kontratuak bertan behera uzteko" eskatu diete.

Azkenik, kanpaldia babestu eta sostengatzeko deia egin die euskal herritarrei, baita "genozidioaren aurkako borrokarekin" bat egiteko eta, bereziki, maiatzaren 15ean Hego Euskal Herrian egingo diren mobilizazioekin bat egiteko ere.