Itxi

Gizartea

Ikasleak Palestinarekin

Hego Euskal Herriko unibertsitateetan ere Palestinaren aldeko kanpaldiei ekin diete

EITB Media

Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ernai, LAB, Gernika-Palestina eta BDSk dei egin diete ikasle guztiei mundu osoan hedatzen ari den #StudentsForGaza ekimenarekin bat egin eta kanpaldietara batzeko.

0:43
Leioako campusa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Mundu osoan hedatzen ari den Palestinaren aldeko ikasle mugimenduak euskal ikasleen indarra ere bildu du gaur. Izan ere, Ikasle Abertzaleek, Ikamak, Ernaik eta LABek dei egin diete Hego Euskal Herriko ikasleei #StudentForGaza mugimenduarekin bat egiteko.

Munduko unibertsitate askotan indarra hartzen ari da azken asteotan kausa palestinarraren alde mobilizatzen ari diren ikasleen borroka, eta borroka horretara batze aldera, Palestinaren aldeko kanpaldiak iragarri dituzte gaurtik aurrera EHUko Gasteizko, Ibaetako eta Leioako campusetan eta Nafarroako unibertsitate publikoan.

Itxura guztien arabera, dagokion errektoretzaren eragozpenik gabe abiatu dituzte kanpaldiak. Esaterako, gaur goizean hasi dira kanpin dendak jartzen Leioako campusean.

Asteburuan sareetan argitaratutako ohar batean azaldu dutenez, "Israelgo Estatuak sei hilabete baino gehiago daramatza inpunitate osoz Gaza suntsitzen, palestinarrak bere lurretatik kanporatzen eta gerra Ekialde Hurbileko beste herrialdeetara zabaltzeko ahaleginak egiten. Jada 30.000 palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo estatu sionistak, eta genozidioa bere amaieratik urrun dagoela dirudi".  

Gogora ekarri dute "sarraskiaren aurrean, mundu osoko unibertsitateetako ikasleak palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta Palestinaren askapena aldarrikatzeko mobilizatzen" ari direla, eta horiek jaso duten "erantzun bortitza" salatu dute. "Poliziak milaka ikasle atxilotu ditu dagoeneko, eta toki askotan sionistak protestariei eraso egiten" hasi direla azaldu dute. 

Horregatik, diotenez, "mundu osoko ikasleen lekukoa hartu nahi" dute, eta bat egingo dute mundu osoan zehar palestinarren askatasuna aldarrikatzeko eta palestinar erresistentziari nahiz kausa palestinarraren alde mobilizatzen ari diren ikasleekin. 

"Mobilizatzeko premia"

Ibai Berezibar Ikasle Abertzaleak taldeko kideak Euskadi Irratian eta Radio Euskadin adierazi duenez, AEBko unibertsitateetako mobilizazioak Europara eta Espainiako Estatura zabaldu direla ikustean erabaki zuten mobilizazioak deitzea, "Palestinaren alde mobilizatzeko premiaz" jabetuta.

Hala, ikasleak eta aldarrikapenekin bat egiten duten pertsona guztiak animatu ditu kanpaldietan parte hartzera. "Askatasuna palestinarentzat, elkartasuna polizien eta sionisten errepresioa jasaten ari diren ikasleekin, eta EHUri eta NUPi Israelekin harreman guztiak eteteko eskatzea" izango dira horien aldarrikapenak. Azken horren harira, "nazioartean presente" dagoen eskakizuna dela esan du.

EHUk Palestinaren alde kaleratu berri duen adierazpenaren harira, Ikasle Abertzaleak taldearen ordezkariaren aburuz, "ez da nahikoa, praktikan sionistekin elkarlanean aritzen diren enpresa eta erakundeekin harremanetan jarraitzen duelako".

Gernika-Palestinak eta BDSk mobilizazioekin bat egin dute

Gernika-Palestina herri ekimenak bat egin du unibertsitate publikoetako campusetan deitutako mobilizazioekin.

Ohar baten bidez adierazi duenez, "Palestinak bizi dituen une zail hauetan" beharrezkoa da Israelen "genozidioa amaitzeko ahaleginak biderkatzea", "gizarte zibila aktibatuz".

Gernika-Palestinak bat egiten du #StudentsForGaza ekimenarekin eta "unibertsitateetako ikasleak eta beste sektore batzuk munduan zabaltzen ari diren salaketa-uholdearekin".

Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDS) ezartzeko Euskal Herriko mugimenduak ere kanpaldia babestu du. Ohar batean, Israelek Palestinako herriaren aurka egindako "genozidioa" salatu ostean, ikasle mugimendua "mundu osoan altxatu" dela nabarmendu du, eta AEB, Frantzia, Erresuma Batua edo Alemaniako kanpaldiak aipatu ditu, besteak beste.

Kanpaldien alde agertu ondoren, BDS Euskal Herriak Hegoaldeko unibertsitate publiko eta pribatuei, "Estatu sionistarekin eta bere erakunde akademikoekin harremanak eteteaz gain, apartheid israeldarrarekin dirua irabazten duten enpresekin kontratuak bertan behera uzteko" eskatu diete.

Azkenik, kanpaldia babestu eta sostengatzeko deia egin die euskal herritarrei, baita "genozidioaren aurkako borrokarekin" bat egiteko eta, bereziki, maiatzaren 15ean Hego Euskal Herrian egingo diren mobilizazioekin bat egiteko ere.