Gizartea
Indarkeria matxista
Hilik aurkitu dute indarkeria zantzuekin, Ziburun hotel bateko balkoitik erori eta larri zauritu zen emakumea
EITB Media
Gorpua Donibane Lohizuneko Paris hoteleko gela batean topatu dute. Emakumearen bikotekidea atxilotu egin dute, hilketa leporatuta. Pertsona hau bera atxilotua eta aske utzia izan zen apirilaren 14ko gertakarien ostean.
-
Paris hotela, Donibane Lohizunen.
Duela bi aste Ziburuko hotel batean balkoitik erori eta larri zauritu zen emakumea hilik aurkitu dute, indarkeria zantzuenkin.
Donibane Lohizuneko erdiguneko Paris hoteleko gela batean aurkitu dute hilotz, 34 urteko emakumea.
Bere bikotekidea atxilotu egin dute, hilketa leporatuta. Baionako Fiskaltza "bikotekideak aurrez pentsatuta egindako hilketa" gisa ikertzen ari da kasua.
Jerôme Bourrier fiskalak Polizia Judizialaren esku utzi du ikerketa hori.
Apirilaren 14ko gertakarietan ere atxilotu zuten gizonezkoa, 35 urtekoa, eraso matxista leporatuta, baina aske utzi zuten, hipotesia sostengatzeko froga faltagatik eta, emakumeari ospitalean egindako galdeketatik ez baitzuten ondorio argirik atera; izan ere, gertatutakoaz oroitzapenik ez zuela azaldu zion poliziari.
Hasiera batean pentsatu zen bikotekidearengandik ihes egin nahian-edo, emakumeak IBIS hoteleko bosgarren solairutik salto egin zuela. Gero, bere buruaz beste egin nahi izan zuen hipotesiak hartu zuen indarra. Baionako prokuradorearen arabera, emakumearen aurrekari psikiatrikoetan oinarrituta hartu zen erabakia.
Orduan, Polizia-iturri batzuk aipatuta, Sud Ouest egunkariak zabaldu zuen gizona jada "begitan" zutela, indarkeria matxistagatik.
Emakumea desagerturik zegoen maiatzaren 1etik.