Gizartea
Nazioarteko Eguna
Eskola jazarpeneko % 39 kasu gehiago identifikatu dituzte Euskadin aurreko ikasturtearekin alderatuta
I. R. | EITB MEDIA
2022/23 ikasturtean, 218 bullying kasu identifikatu zituzten EAEn, Ikuskaritzak aztertutako 1.543 kasuetatik % 14. Horietatik guztietatik, % 27 ziberbullying kasuak izan ziren.
Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bullyingak 2022/23 ikasturtean izan duen bilakaera argitaratu du. Datu horien arabera, 218 gaztek pairatu zuten jazarpenen bat ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino % 38,8 gehiagok.
Guztira, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak 1.542 kasu aztertu zituen, eta horietatik % 14 bullying gisa identifikatu ziren. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruak nabarmen egin du gora, 1.098tik 1.543ra, eta, horri esker, jazarpen gisa identifikatutako kasu gehiago identifikatu dira, 157tik 218ra.
Hala ere, ehunekotan, jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopurua egonkor mantendu da, aztertutako kasuen % 14 baieztatu baitira. Ildo horretan, Hezkuntzako arduradunek nabarmendu dute ikastetxeetan ireki eta aztertutako eskola jazarpeneko egoeretan jarduteko protokoloek gora egin dutela: 2008/09 ikasturtean aztertu ziren 75 kasuetatik 2022/23 ikasturtean aztertu ziren 1.543 kasuetara. Horregatik, eskola jazarpenaren aurkako borrokan hezkuntza-komunitate osoaren sentsibilizazio eta inplikazio handiagoa azpimarratu dute.
Kopuruak aztertuta, egiaztatu da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 12 eta 16 urte bitartekoetan, gertatzen direla jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien (guztizkoaren % 61), eta, bereziki, DBHko 1. eta 2. mailetan, kasu guztien % 47.
Era berean, nabarmentzekoa da kasuen % 27 sare sozialen, Interneten edo beste edozein bitarteko zibernetikoren bidez gertatu direla.
Hitzezko erasoa da jazarpen-modu ugariena, baieztatutako kasuen % 85,7rekin. Ondoren, bazterketa eta marjinazio soziala (% 53,6), eraso fisiko zuzena (% 34,8), zeharkako eraso fisikoa (% 33,9) edo larderia, xantaia edo mehatxuen kasuistika daude, kasuen % 33,03an.