Gizartea
Etxebizitza
Soilik Errenteriako Udalak eraman du azken burura etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko tramitazioa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hogei bat udalek eskaera egiteko deklarazioak onartu dituzte udalbatzetan, horietako askok Stop Kaleratzeak taldearen mozioaren harira, baina Errenteria izan da Etxebizitza Sailari tramiteak ofizialki aurkeztu dizkion bakarra.
-
Errenteria. Argazkia: Amaia de Leon
Euskal Autonomia Erkidegoko osotik soilik Errenteriako Udalak eraman du azken burura etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko tramitazioa, alegia, aipatu udalerria izan da Etxebizitza Sailari eskaera ofiziala egin dion bakarra, EFE albiste agentziari Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi diotenez. Horri esker, alokairuko prezioak mugatu ahal izango ditu.
EAEn 41 udalek —tartean hiru hiriburuetakoek— egin ahal dute eskaera, dela udalerri osorao, dela auzo baterako. Eskaera egitea, baina, aukerakoa da.
Hori horrela, hogei bat udalek onartu dituzte eskaera egiteko deklarazioak udalbatzetan, horietako askok Stop Kaleratzeak taldearen mozioaren harira, baina Errenteria izan da Jaurlaritzari tramiteak ofizialki aurkeztu dizkion bakarra.
Eskaerarekin batera, tokian tokiko etxebizitzaren gaineko azterketa eta hiru urterako neurriak aurreikusten dituen plan bat aurkeztea exijitzen du Etxebizitza Legeak.