Itxi

Gizartea

Thailandiatik aberriratua

Alex Garcia bizkaitarrari kaltetutako pankrea zatia kendu diote eta errekuperatzen ari da Gurutzetan

EITB MEDIA

Alex Garcia duela hilabete baino gehiagotik zegoen Bangkokeko ospitale batean, pankreatitisak jota, eta ebakuazio zail baten ostean, Gurutzetako ospitalera eraman zuten igandean.

  • Alex Garcia, Gurutzetako ospitalean sartzen

    Alex Garcia, Gurutzetako ospitalean sartzen. Argazkia: EITB Media

Thailandian larri gaixotutako Alex Garcia bizkaitarrak Gurutzetako ospitalean jarraitzen du. Atzo arratsaldean iritsi zen Espainiako Defentsa Ministerioak bidalitako hegazkin medikalizatuan Bilboko aireportura eta, handik, anbulantzian eraman zuten gertuen dagoen erietxera. Basauritarraren emaztea den Usoa Martinezek EiTB Mediari jakinarazi dionez, atzo bertan egin zioten ebakuntza kaltetutako pankrea zatia kentzeko. Zaintza berezien unitatean sartu dute eta errekuperazio aldi oso luzea izango dutela iragarri dute hura artatzen ari diren medikuek.

Ebakuazio-operazio konplexu baten ondoren, duela hilabete baino gehiagotik Bangkokeko Samitivit Sukunbit ospitalean zegoen gaixoa Bizkaiko ospitalera eraman zuten familiak hala erabakita, Loiuko aireportutik gertuen zegoen zentroa baitzen.

12 orduko hegaldiaren ondoren, hegazkina atzo arratsaldean iritsi zen Euskadira. Bertan, Osakidetzako anbulantzia bat zuen zain, bere egoeraren informazioa jaso eta ospitalera eramateko. Orain, ospitale horretako Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dago.

Medikuek jakinarazi dutenez, gaixoa kontziente eta egoera egonkorrean dago, duela bi hilabetetik jasaten ari den abdomen-prozesuaren larritasunaren barruan, eta Medikuntza Intentsiboko taldearen ardurapean jarraitzen du bere tratamenduarekin. Hala ere, pronostiko larria du eta eboluzioaren zain daude.

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak aberriratzearen "arrakasta" azpimarratu zuen, eta operazioan parte hartu duten taldeen lana eskertu. "Alex bere familiaren ondora lehenbailehen eramatea" geratzen zela adierazi zuen.

Bestalde, Margarita Robles Defentsa ministroak adierazi zuen Armadak ez duela inoiz "espainiarrik edo beste inor atzean uzten". Ministroa harro agertu zen Indar Armatuen lanarekin, "une zail bat dagoen guztietan, hor daudelako".

Roblesek aberriratutako turistaren familia oso eskertuta dagoela Defentsa Ministerioaren azpimarratu zuen, lanagatik eta eman zieten arretagatik.