Gizartea
MANIFESTAZIOA
Ehunka lagun bildu dira Altsasun, "AHTaren kontra eta betiko trenaren alde"
EITB MEDIA
Abiadura handiko trenak Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan kaltetutako udalerrietako alkate gehienek adierazpen bat sinatu dute AHTaren alternatiba babesteko.
-
Manifestazioaren pankarta. Argazkia: @raqandu
Ehunka lagunek egin dute bat gaur arratsaldean, Altsasun, Abiadura Handiko Trenaren aurka eta betiko trenaren alde egindako manifestazioan. 18:00etan hasi da herriko kale nagusiak zeharkatu dituen protesta, joaleak eta traktoreak buruan zihoazela.
AHTaren aurkako plataformetatik, makroproiektu hau errefusatu eta Altsasu eta Gasteiz arteko betiko trenbide sarea egokitzeko eskatu dute. AHTak eskatzen duen inbertsioa eta sortuko dituen kalteak salatu dituzte. Pertsonen bizitzan eta ingurumenean zein paisaian eragingo dituzten kalteez gain, eragin kulturala eta etorkizunerako geratuko den zama ekonomikoa ere salatu ditu, adibidez, Iñigo Leza Lautada Trenaren Alde plataformako kideak
Ubideetako, portuetako eta bideetako hiru ingeniarik egindako alternatiba proposatu dute plataformek: besteak beste, betiko trenbide azpiegitura hobetu eta biztanleen beharrei erantzungo dien inbertsioak egitea jasotzen du.
Abiadura handiko trenak Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan kaltetutako udalerrietako alkate gehienek adierazpena sinatu dute alternatiba babesteko.
Ehundaka hautetsi batu gara tren sozialaren alde eta AHT-aren aurkako manifestazio honetara.
— EH Bildu Altsasu (@EHBilduAltsasu) April 20, 2024
Tren publiko eta sozial baten alde lanean jarraituko dugu, hala nola, zentzurik ez duen makro-proiektuaren aurka.
AHTrik ez! pic.twitter.com/oaoVgKu2KH