Gizartea
Hizkuntza-eskakizunak
Epaitegi batek euskara jakitetik salbuetsi du Eibarko udaltzain lanpostu bat eskuratzeko
EITB Media
Hautagaietako batek helegitea aurkeztu zuen, udaltzain gisa lanean 30 urte daramatzala euskaraz jakin gabe eta baldintza "baztertzailea" dela argudiatuta. Orain, Donostiako epaitegiak arrazoia eman dio, haren helegitea partzialki onartuta.
-
Eibarko (Gipuzkoa) udaletxea eta Unzaga plaza. Argazkia: Vicente Guinea
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegiak Eibarko (Gipuzkoa) udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.
Hautagaietako batek helegitea aurkeztu zuen, udaltzain gisa lanean 30 urte daramatzala euskaraz jakin gabe eta baldintza "baztertzailea" dela argudiatuta.
Orain, Donostiako epaitegiak arrazoia eman dio, eta Eibarko Udalari pertsona horren merituak kontuan hartzeko agindu dio, prozesuan euskararen ezagutza "baztertzailea" izan gabe.
Ebazpen judizial honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke, eta aldeek 15 eguneko epea dute helegitea aurkezteko, egoki iritziz gero.
Hilabete honetan bertan, beste bi epaik "diskriminatzailetzat" jo dute B1 eskatzea Pasaian kale-garbitzaile gisa aritzeko. Udalak iragarri zuen helegitea aurkeztuko duela epaiaren aurka.