Itxi

Gizartea

BILBO

Bilboko banketxe batean 30.000 euro lapurtu dituen gizonaren bila ari da Ertzaintza

EITB MEdia

Lapurreta 08:15ean jazo da Areiltza Doktorearen kalean dagoen banketxe batean. Gabardina eta ileordea soinean sartu da bulegora, eta pistola eskuan, bankuko kutxa gotorra irekiarazi die langileei. Ihes egin du, eta ordutik hura aurkitzeko dispositiboa dago martxan.

0:30
Lapurreta izan den lekua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Ertzaintzak polizia operazioa jarri du abian gaur goizean Bilbon, banketxe batetik 30.000 euro ostu dituen gizona topatzeko. 

Segurtasun Sailak EITBri jakinarazi dionez, lapurreta Areiltza Doktorearen kalean (Indautxu auzoa) dagoen banketxe batean jazo da, 08:15ean. Artean bulegoa ireki berria zen, eta banaka bat langile baino ez zeuden barruan.  

Gizonak, ileordea eta gabardina bat jantzita eta pistola eskuan, banketxean zeuden hiru beharginak kutxa gotorra irekitzera behartu ditu. Ondoren, gela batean giltzapetu ditu, eta 30.000 eurotik gora eraman omen ditu. Zorionez, ez da inor zauritu. 

Behin bulegotik kanpo, kotxe bat geldiarazi du eta, pistolarekin mehatxu eginez, Basurtu alderantz eraman zezan derrigortu du. Autotik jaitsi aurretik, lapurrak 100 euro eman dizkio gidariari.

Lapurretaren berri izan eta berehala, bilatzeko lanei ekin die Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Basurtu auzoa arakatu dute, izan ere, Basurtuko Ospitaleko komun batzuetan aurkitu dituzte lapurraren ileordea eta gabardina.

Bilboko Intermodaletik ateratzekoak ziren autobusak miatzen ere ibili dira agenteak. Inguruan dauden segurtasun kameren irudiak berrikusi dituzte froga bila. 

Bulegoa 11:00etan zabaldu dute berriro, behin ikerlariek lanak amaituta. 

Ikerketa zabalik dago eta Ertzaintzak lapurraren bila jarraitzen du.